Zeanurik Eleuterio Goikoetxea omenduko dau
2022-07-06 10:17 KultureaEgiriñaoko Aterpearen (Gorbeia) mendeurrenean.
Garagarrilaren 9an, zapatuan, 100 urte beteko dira Eleuterio Goikoetxea zeanuriztarrak Egiriñaon (Gorbeia) mendiko aterpe-ostatua, Eleuterioren txabolea, inaugurau ebanetik. Jazoera hori gogoratu eta ekinbidearen sortzailea omenduko dau Zeanuriko Udalak. Gaur egun aterpearen jaubeak diran hiru mendi-taldeetako ordezkariek be parte hartuko dabe Egiriñaoko ekitaldian: Arnotegi Mendi Taldeak, Bilbao Alpino Clubak eta Juventus S. D.-k.
Mendeurrena ospatzeko egitarauaren zatirik handiena Egiriñaon egingo da aterpearen aurrean, eguerdiko 12:00etan hasita, baina goizeko 09:00etan Zeanuriko plazatik martxa gidatu bat hasiko da oinez Egiriñaora joateko, San Justoko bide tradizionaletik, hain zuzen be. Ibilaldi honetan edozeinek parte hartu leike eta erritmo normalean ordu bi eta erdian ibiltariak Egiriñaon egongo dira.
XX. mendearen hasieran indar handia hartzen ebilen mendizaletasuna eta batez be uda aldean Euskal Herriko zein inguruko probintzietako tontorretara txango ugari antolatzen eben mendi alkarteek. Kirol honen izakera ez lehiakorra eta egoera fisikoa nahiz morala hobetzeko ariketa egokia zala azpimarratzen eben sasoi haretako idatzi batzuetan.
Gorbeia mendiak erakarrita, Arratiako tranbia hartu eta Zeanurira edo Areatzara hurreratzen zan mendizale kopuruari erreparauta, horren inguruan diru-sarrerak eskuratzeko aukerea ikusi eban Eleuterio Goikoetxeak eta 1922ko garagarrilaren 9an Euskal Herriko lehenengo mendiko ostatua izan zan aterpea zabaldu eban Egiriñaon, 1.200 metroko altueran, Gorbeiako Gurutzetik hur. 1926an Mendi Federakundea argitaratzen hasi zan Pyrenaica aldizkariaren lehenengo alean honako iragarki hau azaldu zan: Refugio alpino del Gorbea (1.200 m.) (pensionado completo). Primera hostería-alpina en la Región Vasca. Dormitorios generales, literas sueltas y habitaciones separadas. Considerables rebajas en concurrencias numerosas. Domingos y festivos, misa en la gruta anexa. Pídanse catálogos: Propietario, Eleuterio Goicoechea. Ceanuri (Vizcaya).
Gero eta mendizale gehiago etorren Gorbeiako parajeak ezagutzera eta holako ibiladietan parte hartzen eban jente asko goi mailakoa, aukera ekonomiko handiak zituana zan. Mendizale horrei Gorbeian egunak igaroteko aukerea eskaintzen eutsen Eleuterioren aterpeak, bertan babesa, janaria eta ohea eskaintzen ziralako. Federakundeko 1. bazkidea zan José P. De Duñabeitia y Menchacak inoan 1926an: Gaur egun, Egiriñaoko aterpe-ostatuari esker, Gorbeian egun batzuk igarotea oso atsegina eta erosoa da, janaria eroateaz eta gaua pasetako lehorpea bilatzeaz ez zara arduratu behar eta.
1924an aterpe-osatua barriztau eta handitu egin eban Eleuteriok eta Antonio Ferrer-ek 1927an argitaratutako Nuestras Montañas liburuan azaltzen dauenez, honako itxurea eukan: Aterpeak gurutze itxurea agertzen dau eta honako zerbitzuak eskaintzen ditu: 16 ohe mendizaleentzat eta beste 4 Diputazinokoentzat, jantokia, suitea eta behe-sua; hodi baten bitartez Lekuotzeko iturritik ekarritako ur edangarria eukiteaz gan, dutxetako gela bat be badauka, komuna eta konketeagaz.
Gerra zibilean aterpeak kalteak izan zituan eta Eleuterio bera, lehenengo kartzelaratua izan zan eta gero deserriratua; guztira zazpi urte igaro zituan herritik kanpo eta aterpeaz bere emaztea, Gillerma Uriarte eta seme-alabak arduratu ziran.
1942an Espainiako Mendi Federakundeko Euskal Ordezkaritzeak aterpea erosteko proposamena egin eta Eleuteriok onartu egin eban: Atal bi erosi eutsazan eta hirugarrenagaz Eleuterio bera geratu zan. Federakundeak 10.000 pezeta ordaindu eutsozan, beste 12.000 erositako atalak egokitu eta barriztetako erabili zituan eta 1943ko garagarrilaren 11n berrinaugurau eban. Bien bitartean, Eleuterio eta bere familia geratu ziran atalagaz jarraitu eben negozioan.
Eleuterio 1956ko maiatzaren 1ean hil zan eta familiak 1957an Bilbao Alpino Club taldeari saldu eutsan bere partea: Guillerma alargunak eta Begoñe alabak sinatu zituen salmenta-eskriturak. Urte berean, 1957an, Federakundeak bere jaubetzapean zituan atal biak salgai jarri zituan: bata Juventus S. D. taldeak erosi eutsan eta bestea Iberdrolak.
Beste sasoi batean Eleuterioren txabola izan zanak gaur egun Egiriñaon jarraitzen dau, hiru zatitan banatuta, zati bakotxaren jaubeak Arnotegi Mendi Taldea, Bilbao Alpino Club eta Juventus S. D. alkarteak izanik.
Zeanurin be ospetsua
Mendizaleen artean eta herri mailan be ospe handia izan eban Eleuterioren aterpe-ostatuak —herrian Eleuterioren txabolea moduan ezagutua— eta horren lekuko da bere lagunek parranda giroan abesten eutsen eta oraindino Zeanurin oso ezaguna dan kanta hau:
Zeanuritik baraurik
urteten badozu
Gorbeiera orduko
damutuko jatzu
damutuko jatzu
Damutuko jatzu
Zeanuritik baraurik
urteten badozu
Eleuterioren txabolan
Gosea franko izango da
Baita bere egarrie
dalako gizon baragarrie
Eleuterio, Eleuterio,
Eleuterio, Eleuterioren txabolea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!