Urtanta aurkeztu dabe
2022-07-05 07:46 KultureaMendia, itsasoa eta musikea buztartzen dituan jaialdia.
Uztailaren 22tik 24ra mendiak, itsasoak eta mugak musikaz buztiko ditu Urtantak, Pasaiatik Azkainera, Hondarribitik eta Beratik pasauta.
Hiru egunetako mendi ibilaldiagaz batera, sei kontzertu, jai giroko ekitaldi ugari, erakusketak eta beste hainbat sorpresa eskainiko ditu. Horreetako bat izango da Elkano Itsas Herria ekimenaren Elkanoren patatxa-ontziaren erreplikearen lehorretaratzea.
Jaialdiaren antolakuntzan Urmuga Alkartea eta Elkano Fundazinoa lankidetzan ibili dira, Mendiak eta Herriak mendi gida taldea eta Et Incarnatus orkestreagaz batera. Egunotan aurkeztu dabe, Jaizkibel mendian bertan, alkarlan horren emoitzea Urtanta jaialdia. Bertan izan dira Migel Zeberio eta Felipe Uriarte Urmugako kideak, Ion Irurtzun Elkano Fundazinoko kidea, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria, Jean-Louis Fournier Azkaingo alkatea eta Juan Luis Silanes Hondarribiko Kultura eta Ingurumen zinegotzia. Aurkezpenaren amaieran Et Incarnatus Orkestreak eta Leturiak kontzertua eskaini dabe.
Magia eta artista ugari ko0ntzertuezin bereziagoetan Urmugaren filosofiari jarraituz, Urtantak musikea eta natura buztartzearen magia eskainiko dau. Uztailaren 22an, ekingo deutse bideari mendirik mendi eta Pasai San Pedrotik Pasai Donibanera txalupan pasauko dira. Bertan, zain izango dau Ur Harizko laukotea, Urtantako lehen musika saioa izango izango danean. Jaizkibelerantz egingo dabe gero, baina ez dira bakarrik joango: hareek mendian diran bitartean, Elkanoren Patatxak itsasoz jarraituko deutse eta Artzuportu hondartza zoragarrian lehorreratuko da. Ondoren, 18:00etan kontzertu berezian batuko dira, Jaizkibel mendiaren Erentzin itsaslabar ikusgarrian, Bioznar lurmutur gainean. Kantariak Leire Letu eta Kristina Aranzabe izango dira eta Urtanta Bandea lagun: Iñaki Dieguez (akordeoia), Bixente Martinez (gitarrak), Igor Telletxea (bateria), Gorka Benitez (saxoa),Koldo uriarte (teklatuak), Iñigo Telletxea (bateria) eta Leturia (panderoa). Amaitutakoan, Mendizaleen Bibaka egingo dabe eta holan amaituko da Urtantaren lehen eguna. Hiru egunetan izango danaren aurrerapena: garagarrilaren 23an Hondarribian eta garagarrilaren 24an Azkainen egun osoko jaia izango dira. Bertan joko dabe Et Incarnatus Orkestreak, Donostiako Orfeoiak, Pettik, Xabi Solanok, Leturiak, Estitxu Pinatxok, Miren Narbaizak, Ttan Harizko Laukoteak eta jaigiroko taldeak: Jarauta 69 Fanfarrea, Baigorriko Gaiteroak, Errobiko Joaldunak, Trikitxaga Musika Taldea, Azkaingo Ikasleak Jantza Taldea, Kurrunka Kantariak eta Murgi Taldeak.
Urtanta: Alkarlan baten emoitzea
Elkano Fundazinoak lehen mundubirearen jazoeran oinarrituta, Elkanoren garaiko kultura eta izakerea ezagutzeko eta gizarteratzeko lanak egin eta hori Elkano Itsas Herria proiektuan gorpuztu dau Albaola eta Euskal Itsas Museoagaz alkarlanean. Urmuga ekimenak, aldi berean, lurraldearen bizkar-hazurra dan ur mugearen ertza oinez jarraituz, horren inguruko zelai, baso, mendi muino eta herrixkak musikaz eta kulturaz bustiten ditu. Holan, Elkano Fundazinoa eta Urmugea, bat besteari begira jarri, eta batu egin dira Urtantea sortuz. Filosofia bereko proiektuak saretu dira, beraz, ekimen honetan.
Horreekaz batera, babesle eta laguntzaile ugari ditu Urtanta ekimenak: Berria, Laskorain Ikastolea, Basaizea, Baigorriko Gaiteroak, EKE, Hazi, Unsi, Txomin Parrilla, La Rhune Euskal Mendia, Vumeter soinu estudioa, Kontrol Ikus-Entzunezkoak, Euskarabidea, Euskal Sagardoa, Insalus, Olabe eta hainbat herri erakunde: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoa Turismoa, Akitania Berria Euroeskualdea, Pasaiako, Hondarribiko, Berako eta Azkaingo Udalak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!