Behotsik Orkestrea: '10 urte, hamaika lagun'

Bizkaie! 2022-07-01 13:01   Musikea

Hitzordua garagarrilaren 2an, Bilboko Euskalduna Jauregian.

Behotsik Orkestreak 10 urte, hamaika lagun aurkeztu dau, gazteek sortu eta kudeatutako Bilboko orkestra honen 10 urteak ospatzeko Gala-Kontzertua. Honi esker, gazteek ikasi eta hobetzeko aukerea izango dabe, bai musikeagaz, baita kideakaz gozetea be. Idea honen emoitzea musikea bidelagun bihurtzea da eta 15 eta 30 urte bitarteko gazteek Behotsik orkestrea sortu dabe.

Gaur egun, profesionalak ez diran euskal orkestren artean, goi mailako bat da Behotsik. Kontzertu askok ongintzazko izakerea dabe, alkartearen idealak eta balioak errespetauta; helburu nagusia da Bilbo eta Bizkaiko bizitza kulturala  bultzatzea, musika klasikoa jenteari hurreratzea.

Behotsikek musika klasikoari leporatutako estereotipoak hausi eta gero eta jente gehiago erakartea lortzen dau errepertorio barritzaile eta apurtzailearen bidez: filmen soinu-bandei eskainitako programak, rock sinfonikoa, umeentzako operea, baita rap eta hip-hop estiloko disko baten grabaketea Aneguria rap abeslariagaz batera.

Behotsik: 10 urte, hamaika lagun

2021eko abuztuan hamar urte bete ondoren, 2021-2022 denporaldiak urteurren honen ospakizun lez balio izan deutse, izan be, denporaldi berezi honen amaierea izango da Behotsik: 10 urte, hamaika lagun kontzertu hau eta Euskalduna Jauregiko Auditoriumean izateak bereziagoa egingo dau, euren hamar urteko historian lehen aldiz igoko baitira Bilboko oholtza enblematiko honetara.

Gala-Kontzertu honen haria orkestrearen ibilbideari errepasoa egitea da, euskal musikearen historian zehar bidaia bat eginez: Guridi, Arriaga edo Ravelen jatorri klasikoetatik hasi eta Aneguria edo Gatibu lako egungo artisten musikea zein Oskorri edo Itoiz lako talde historikoak  be ahaztu barik.

Ekitaldia, orkestratik igarotako hamaika musikari agertokian barriro batzeko aukerea izango da, baita hamar urte baino gehiagoko ibilbidean orkestreagaz lan egin daben taldeakaz batzeko be: Sanfran Korue, Ugaoko Sarea Abesbatza, Oihartzuna Korala, Inmaculada Abesbatza, Laudioko Santa Luzia Abesbatza, Lagun Zaharrak Korala, Akelarre Abesbatza eta Emitenia Abesbatza. Danetara, 250 artista baino gehiago oholtzan.

Sarrerak salgai dagoz, 6 eta 12 euro arteko prezioan.

Arpegi ezagunak oholtzan

Gilkitxaro antzerki taldeko Ane Zabala eta Galder Perezek aurkeztuko dabe. Horrezaz gan, hainbat artista gonbidatu izango dira: Aneguria rap eta hip-hop abeslari bilbotarragaz batera 2018ko BBK Live Jaialdian emondako kontzertuko abestiak gogoratuko ditue. Gainera, Doctor Deseo taldeko abeslaria dan Francis Díez be oholtzan ikusiko dogu abesti ezagunenetako bat Behotsikegaz batera abesteko.

Gorka Sierra konpositore eta zuzendaria be protagonista izango da. Gaur egun Behotsik osotzen daben musikari askoren lehen zuzendaria izan zan Bilboko Koral Alkarteko musika konserbatorioko ikasle zirala eta ederra izango da BOS, Euskadiko Orkestra, ORTVE edota Orchestre National Capitole Toulouse lako orkestrak zuzendu dituan nazinoarteko zuzendari profesional baten batutapean egotea.

Bilboko Udalaren eta Laboral Kutxaren babesa

Bilboko Udaleko Kultura Sailak atondutako Bilbao Aurrera 2022 deialdian irabazle izan zan Behotsik eta kategoria guztietan batutako proposamenen artean puntuazinorik altuena lortu eban hamargarren urteurrena ospatzeko ikuskizun honek. Horrezaz gan, Laboral Kutxak be ekarpen ekonomiko garrantzitsua egin dau proiektua posible egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu