Aurrera Fest! eta Bilboko Aste Nagusia bat eginda datoz Euskaldunara
2022-07-01 13:11 KultureaBertoko kultur sortzaileei euren lana erakusteko erraztasunak emongo deutsez egitasmoak.
Aurreko edizino biak garagarrilean egin ziran arren, III. Aurrera Fest! abuztuaren 20tik irailaren 11ra egingo da, 2022ko Aste Nagusiagaz bat eginez. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen dauen egitasmo horren asmoa da bertoko kultur sortzaileei euren lanak erakusteko agertoki handi bat eta baldintza aproposak eskaintzea. Euskalduna Jauregiko 0D aretoan egongo da oholtzea.
Aurrera Fest! Aste Nagusiko egunetara eroatea erabagi dabe, Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, programazinoa ahalik eta gehien nabarmentzeko. Izan be, nazinoarteko artista handiak etorten dira Euskaldunara abuztuaren amaieran eta irailaren hasieran, eta kartela hareekaz konpartidu ahal izango dabe euskal sortzaileek. Pandemiaren urte okerrenen ondoren merezi daben aintzatespena dala dinoe antolatzaileek.
Era guztietako arte eszenikoak lantzen dituen sortzaileek egin leikie III. Aurrera Fest!-en parte hartzeko proposamena. Bertoko kulturearen bizgarri izateko jaio zan 2020an, pandemia betean, eta urte bi geroago helburu horri eusten deutso. Horregaitik, aukeratutako artistek baldintza onak izango ditue euren saioetan: aretoa egokitzeko zerbitzuak, baliabide tekniko materialak eta oinarrizko teknikariak.
Ikuskizun bakotxean batutako diruaren % 85 artista edo konpainiari emongo jako, gastuak kenduta. Euskalduna Jauregiko lehiatiletan zein Kutxabanken kutxazainetan salduko ditue sarrerak, egitaraua zehazten dabenean.
Interesa daben sortzaileek zabalik dabe eskaria egiteko epea. Baldintzen artean dagoz, proposamenak Euskaldunako 0D aretoan egiteko modukoak izatea eta 50 eta 90 minutu bitartekoak izatea, atsedenak kontau barik.
Uda betea
Aurrera Fest!-en deialdia egiteaz gan, Euskalduna Jauregiko udako programazinoa aurkeztu dau Foru Aldundiak. Aste Nagusia izango da hileotako egitarauaren ardatza, orduantxe egingo ditue ikuskizunik ospetsuenak, batez be antzerkikoak.
Abuztuaren 19tik irailaren 11ra, Auditoriumean, The Hole X kabaret-antzerkia ikusi ahal izango da, mundu osoan arrakasta handiz egindako ikuskizunaren 10. urteurrenean. LetsGo konpainiaren eskutik dator oraingoan.
Umorezko antzerkiaren atalean, hiru proposamen dakarz Euskaldunak udan: Escape Room, bildurrezko komedia; Laponia estreinaldia; eta Mentiras, boleros y videos caseros.
Ganera, artista inpresionista ezagunek egindako hamar obratan oinarritutako erakusketa berezia be egongo da Euskalduna Jauregian garagarrilaren 9tik irailaren 8ra. Esperientzia inguratzaile eta multisensorial horretan, arteak, musikeak, teknologiak eta entretenimenduak egiten dabe bat. Monet, Renoir, Van Gogh, Cézanne, Manet, Gauguin, Morisot, Degas, Pisarro eta Toulouse-Lautrec hur sentiduko ditue ikusleek, XIX. mendearen amaierako Parisen balegoz lez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!