XIII. Ja!, suberte txarrari barre

Bizkaie! 2022-07-01 10:58   Kulturea

Bilbon, irailaren 29tik urriaren 11ra arte.

Umorezko Literaturearen eta Artearen Nazinoarteko Jaialdiak ondoko nobedadeak dakarz: Bizkaia Aretoaren entzunaretoa, Javier Jaén ilustratzailearen kartela eta erakusketea eta web eta logotipo barriak.

- Guneak eta egitaraua

Gune nagusi bi izango dira: Lehen astean, irailaren 29tik urriaren 2ra, 2010etik ohikoa dan BBK Sala (Kale Nagusia, 19) izango da ekitaldien lekuko.

Egitarauaren bigarren zatia urriaren 6tik 11ra egingo da eta kokapen barria izango dau: UPV/EHUko Bizkaia Aretoaren Mitxelena entzunaretoa.

Lehen aldiz historian, Naukasen zientzia, eszeptizismoa eta umorearen jaialdian egongo gara. Irailaren 16an, Naukas Bilbao programazinoaren barruan, jaialdi bietara gonbidautako Raquel Sastre umoristeak berbaldi dibertigarria eskainiko dau umoreari buruz.

Irailaren erdialdera argitaratuko da 2022ko Ja! Jaialdiaren egitaraua. Nazinoko eta nazinoarteko egileak egongo dira bertan. Aurten be, hizkuntza jasoa eta herrikoia bat eginez era guztietako ikusleak erakartea da helburua, umorea eta literaturea oinarritzat hartuta.

Ekitaldi guztiak doban izango dira.

- Javier Jaén ilustratzailearen kartela eta erakusketea

Javier Jaén ilustratzaileak egin dau 2022ko kartela. Eskaileraren azpiko katu baltzak 13 zenbakiagaz lotuta egoten dan suberte txarra nabarmenduz.

Javier Jaén (Bartzelona, 1983) ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoak nazinoartean ezaguna da, izan be, The New Yorker, The New York Times, The Washington Post eta National Geographic komunikabideetan kolaborau dau. Almodovarren Madres paralelas filmaren kartela da haren obra ezagunenetako bat. Bertan, bularra emoten dauen amaren titiburua ikusten da.

Diseinatzailearen atzerabegirako erakusketea egingo da (urriaren 11tik zemendiaren 4ra, Bizkaia Aretoko Etxepare eta Axular erakusketa-geletan), haren karrerako lehenengoa eta harek berak gainbegiratuko dau. Bilboko IED Kunsthal diseinu-eskoleak be babestu dau eta Bilboko Metroko geltokietan ikusiko dira, urriaren 1etik 31ra.

- Web barria

Webaren helburuetako bat 2010etik Ja! Jaialdiak izan dauen bilakaerea erakustea da. 13 urte honeetan, jaialdira bertaratutako egile ospetsuakaz izandako barriketaldiak nagusitu dira. Informazino gehiago nahi dauenak, Ja! Jaialdiko protagonisten eta ekitaldien historia maila kronologikoan ordenauta ikusi
leike. YouTube kanalean bideoak ikusi daitekez eta, horrezaz gan, barriketaldien podcast-ak izango dira Ivoox plataformara. Bideoak eta podcast-ak zuzenean eskuratu daitekez, bai plataformetan bai webean be (www.jafestival.com)

2010etik 2021era arteko ibilbidea azkar laburbatzeko bideoa be badago, lau minutu baino gitxiagokoa da eta Youtuben ikusi daiteke hemen

- Suberte txarraren kontra

Juan Bas eta Carolina Ontivero jaialdiko zuzendariek ondokoa adierazo dabe: Dana emon eta katu baltz guztiak be jarri ditugu, edizino barria interesgarria izan eta herritarrek ahalik eta gehien gozau deien. Suberte txarra dakarrela 13. jaialdiak? Ja! Ez gara superstiziosoak. Atzamarrak gurutzatu eta hormearen kontra dagoan eskailerea birrindu dogu, haren azpitik pasau beharrik ez izateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu