Udan bai! programeak 50 jarduera dakarz Barakaldora
2022-06-30 12:29 KultureaIrailera arte, kulturaz eta kirolaz gozetako modua izango dabe herritarrek.
Udako hileetarako egitarau oparoa antolatu dau Barakaldoko Udalak, Udan bai! izeneko programearen bidez. Kultureagaz zein kirolagaz lotutako jarduerak izango dira gehienbat, baita gazteei zuzendutakoak be, danetara 50 proposamen inguru. Udalerriko auzo guztietara helduko da egitasmoa.
Garagarrilean, abuztuan eta irailean egingo ditue ekintzak, Barakaldok udan ez dauelako deskantsurik hartzen, Nerea Cantero zinegotziaren arabera. Esate baterako, Lasesarreko kiroldegian spinning saioak atonduko ditue eta, kiroldegi horren kanpoaldeko landan, doban probau ahal izango dira pilates, hit, bodytono eta halakoak.
Kultureari lotutako jarduerak, bestetik, Karmen jaiak amaitu eta gero jarriko ditu martxan Udalak. Urte biko pandemiaren ostean, barriro murrizketa bako egitaraua izango da. Hogei bat kultur emonaldiz gozau ahal izango dogu, barakaldar guztiek udako hilabete honeetan gustuko zeozer topau ahal izateko, adierazo dau Nerea Canterok.
Garagarrilaren 19tik abuztuaren 12ra, Eskulturen parkea izango da Udan bai!-ren agertoki nagusia, eguazten eta barikuetako programazinoari esker. Astelehen, eguen eta domeketan, ostera, auzoen txandea izango da: umeentzako jarduerak, kalejirak, musikea eta umorea udalerriko txoko guztietara helduko dira.
Programea biribiltzeko, erakusketak egongo dira uriko hainbat aretotan, Natur Geleak ingurumenagaz lotutako ekintzak egingo ditu eta Ezagutu Barakaldo be martxan egongo da. Edadekoentzat zein dibersidade funtzionala dabenentzat bizikleta-zerbitzu barria ipiniko dau Udalak, irailaren 15era arte.
Nerea Canterok barakaldar guztiak animau ditu euren herrian bertan kulturaz eta aisialdiaz gozau deien. Espero dogu jente guztiak jarduera horietaz gozetea, goiz-arratsaldeak urian askoz dibertigarriago eginez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!