Bisita gidatuak 'Lantegietako Emakumeak. Cadagua haraneko 11 fabrika' erakusketea ikusteko

Bizkaie! 2022-06-30 11:19   Kulturea

Enkarterri Museoak atondu ditu.



Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen esku dagoan Enkarterri Museoak hainbat bisita gidatu atondu ditu garagarrilean, urtea amaitu arte Enkarterriko zentroan dagoan Lantegietako Emakumeak. Cadagua haraneko 11 fabrika erakusketan sakontzeko. Bisitak garagarrilaren 9rako eta 24rako atondu ditue, txanda bitan: 10:30ean euskeraz eta 12:00etan gaztelaniaz. Jarduerea dobakoa da eta beharrezkoa izango da aurretik izena emotea hemen.

Erakusketea Enkarterri Museoaren Emakume Langileak proiektuaren bigarren fasearen barruan dago eta Bizkaiko industriari eusteko prozesuan emakumeek bete eben leku garrantzitsua nabarmenduko dau. Enkarterri Museoak erakusketearen izenburu beragaz argitaratu liburuak be ezerezean ixten dau industria-munduaren protagonista bakarrak gizonezkoak izan zirala dinoan aurreretxia.

Erakusketeak eta liburuak gizaldi eta erdi baino gehiagoz (XIX. gizaldiaren erdialdetik XX. gizaldiaren amaierara arte) herrialdeko industrializazinoan leku garrantzitsua bete eben Bizkaiko emakume guztiak autortzen ditue. Erakusketako materiala, gaur egun desagertuta dagozan Enkarterriko 11 lantegitako argazkiz, ilustrazinoz, produktuz eta makinaz osotuta dago. Euskadiko eskualde industrializatuenetakoa zan, eta lantegi horreetan emakumezkoek protagonismo handia eben. Ehundaka lantegi, tailer eta industria-gune edegi ziran urteetan Kadagua harana osotzen daben udalerrietan. Erakusketan honeek agertzen dira: La Papelera, Lacabex Hermanos, Plaza Hermanos, Antonio Serrano y Plomos (laurak Zallan), La Encartada, Manufacturas Rodet y fábrica de Muebles (Balmaseda), Garsa (Gordexola), La Conchita (Sodupe) eta Rica Hermanos (Alonsotegi). Horreetan milaka emakume langile ibili ziran. Lantegi batzuetan, emakumeak izan ziran beharginen gehiengoa.

Erakusketeak, alde batetik, garai haretako egoera ekonomiko gogorra erakusten dau eta, bestetik, eskualdeko industria-egiturea. Egitura hori ez zan siderurgian bakarrik oinarritu, papela, kaxak, jute edo espartzu-zakuak, erreteko papela, altzariak, txapelak eta hestebeteak be baegozan Enkarterriko produkzino-egituran. XIX. gizaldiaren amaieratik XX. gizaldiko 70-80ko hamarkadara bitarteko epealdia hartzen daben ehun argazki zahar baino gehiago horreek erakusketearen arimearen parte dira, gehienak eskualdeko bizilagunek eta hainbat kultur erakundek lagatakoak, azken horreen artean La Encartada fabrika-museoak. Argazkien bidez bisitaria industria-giro horretara eroateko espazioa, aitatutako lantegietan behar egiten eben emakumeak erakusten dituen Aline Soberonen hamaika ilustrazinogaz osotu da.

Erakusketan interes handiko industriako hainbat pieza be badagoz, horreen artean altzari tailer baten parte izan ziran XX. gizaldi hasierako hiru makina handi. Makina horreek (La Universal, Tupí eta Desgrosadora) Alberto Mardonesek laga ditu eta Balmasedako tailerretan hainbat gizalditan erabili zan makina-muetaren adibide bikaina dira. Horreekaz batera, pieza xumeak eta konserbau diran dokumentu gitxi batzuk dagoz: Antonio Serranoren Fábrica de Papel de Fumar lantegiko XIX. eta XX. gizaldiko beharginen zerrendak edo Papelera Españolako ikasketa-liburuak.

Kadagua errekearen ertzean instalau ziran enpresek merkaduan erantzun bikaina lortu eben objektu eta produktu ugari produzidu zituen. Erakusketan, 1950eko hamarkadan Plaza Hermanosek erropea lisututeko egindako plantxak, Zallako tailer handi bateko zenbait etxetresna elektriko eta beste elementu sinpleagoak, baina oso ezagunak, erakutsiko dira, horreen artean El Elefante komuneko papela. Bitxia bada be, oraindino hainbat lekutan konserbau egin da papel hori. Laneko fitxak, laneko jantziak eta Rica eta La Conchita harigintzako elementuak be jasoten dira.

Lantegietako emakumeak, ikerketa-prozesuan zehar batutako lekukotasunak batzen dituan proiektua ikus-entzunezko bigaz osotzen da. Danetara, hogeta hamar personak, gehienak emakumezkoak, lantegi horreen funtzionamentuan, bizimoduan eta lan-baldintzetan sakontzeko aukerea emon deutse Enkarterri Museoari.

Lantegietako Emakumeak. Kadagua haraneko 11 fabrika

Bizkaiko Batzar Nagusietako Enkarterri Museoa.

Abellaneda auzoan (Sopuerta).

Urtea amaitu arte.

Emon izena hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu