Esku-hartze arkeologikoa garagarrilean, Berriatuako Legarmendin

Bizkaie! 2022-06-30 09:49   Kulturea

1936ko Gerrako defensa posizinoen aztarnak dagoz han.

Garagarrilaren 2tik 10era, 1936ko Gerrako Legarmendiko defensa-posizinoak izango dira protagonista. Berriatuatik hur dago mendia, eta esku-hartze arkeologikoaz gan, herritar guztientzako jarduerak egingo ditue Udalak, Goiko Lau kultur alkarteak, Ahaztuen Oroimena 1936 alkarteak eta EHUk.

Hasteko, hilaren 2an, zapatua, Legarmendin egingo daben guztiaren proiektua aurkeztuko dau Josu Santamarina arkeologoak, Goiko Lau alkartearen egoitzan (19:00). Egun horretan bertan edegiko dabe erakusketea, alkarte horren egoitzan dagoan aretoan.

1936ko gerreagaz lotutako material ugari ikusi ahal izango dira erakusketan: batetik, Markina-Xemeingo Baldako defensa-posizinoan 2021ean egindako esku-hartze arkeologikoko argazkiak; bestetik, Berriatuan gerreagaz lotutako argazki eta dokumentuen bildumea.

Garagarrilaren 2an, 8an eta 9an, arratsaldez egongo da erakusketea zabalik, 18:30etatik 20:00etara. Hil horren 3an eta 4an, ostera, 12:30etatik 14:00etara.

Arkeologoek, ganera, Berriatuako zein inguruko herritarren laguntzinoa eskatu dabe Legarmendiko indusketetarako. Garagarrilaren 9an, hain zuzen be, auzolana egingo dabe defensa-lerroan, eta parte hartzeko deia egin dabe. Ez dala lan gogor-gogorra izango dinoe, baina badaezpada eskunarruak eroatea komenidu da. Goizeko 09:00etatik 14:00etara egingo dabe auzolana, gitxi gorabehera.

Amaitzeko, hilaren 10ean, bisitaldi gidatua egingo dabe Legarmendiko indusketen eremura. Arkeologoek azalpenak emongo ditue leku haretako historiaren, egindako esku-hartzearen eta topautako aztarnen inguruan. Goizeko 10:00etan urtengo dabe Berriatuako udaletxetik eta 11:30ak aldean hasiko dira bisitea egiten, Legarmendin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu