Landartek Nafarroako sei herritara eroango dau sorkuntza garaikidea
2022-06-30 08:47 KultureaArtisten eta herritarren arteko loturea ezinbestekoa izango da.
Martxan da Landarte egitasmoaren 6. edizinoaren hasierako fasea, sei artista edo bikote artistiko Nafarroako beste horrenbeste herritan dabiz kultura-prozesuak diseinau eta aurrera eroaten, bertako biztanleakaz alkarlanean. Kultura garaikidea eta landatartasuna da aurtengo edizinoaren leloa, gaur-gaurko sorkuntzea landa eremura eroatea dalako asmoa.
Nafarroako Gobernuaren Kultura Sailak azaldu dauenez, honeexek dira artistak eta bakotxari egokitu jakon herria:
- Marina Lameiro zinemagilea, Uztarroze.
- Patxi Burillo arkitekto eta zinemagilea, Urrotz-Uria.
- Greta Alfaro artista bisuala, San Martin Unx.
- Itsaso Iribarren eta Germán de la Riva eszena-sortzaileak, Faltzes.
- Andrea Ganuza ilustratzailea eta Karmele Oteros artista bisuala, Cabredo.
- Maddi Barber zinema-zuzendaria, Leatxe.
Sei sorkuntza-prozesuok hasierako fasean dagoz orain. Artistak prospekzino-lanean dabiz garagarrilaren 15era arte, eta, horretarako, loturak ezarriko ditue bakotxaren herriagaz. Ondoren, proiektuak zehaztu eta garatuko ditue, urriaren 2ra arte.
Ganera, Landarte 2022k bitartekarien lantaldea dauka, parte-hartzaile guztiak (herriak, artistak eta erakundeak) koordinetako, bertako biztanleak dinamizetako, sortzaileei komunidadeagaz eta inguruneagaz loturea egiten laguntzeko eta proiektu koherenteak bultzatzeko.
Sei herrietako biztanleek proiektuen bilakaera osoan parte hartzea da Landarteren helburua, modu kolektibo eta horizontalean. Era horretara, aukerea emongo jake Nafarroako landa-komunidadeei eurek nahi daben ereduak eta praktikak (sozialak, kulturalak eta ekonomikoak) aztertzeko. Bestetik, lan artistiko guztia batuko dau Landartek material grafiko eta ikus-entzunezkoen bidez.
Vianako Printzea erakundeko Ignacio Apezteguiak dinoanez, landa-biztanleriaren arazo, behar eta interesakaz sentikorra dan arte publikoaren aldekoa da Landarte. Sortzeko modua egiten dana baizen garrantzitsua da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!