Durangaldeko ondarea sustatuko dabe Gerediagak eta Mankomunidadeak
2022-06-29 13:43 KultureaHitzarmena sinatu dabe Abadiñoko Astola Etxean.
Durangaldeko Mankomunidadeak eta Gerediaga Alkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe Durangaldeko Merinaldeko ondare historikoa, soziala eta kulturala bultzatzeko jarduerak atontzeko. Abadiñon, Astola Etxean, izan da sinatzeko ekitaldia, eta alde bakotxaren ordezkari joan dira Mireia Elkoroiribe Mankomunidadeko presidentea eta Nerea Mujika Gerediagako presidentea. Eskualdeko alkate batzuk be egon dira.
Mankomunidadea eta Gerediaga lankidetzan ibili dira lehenago be, baina hitzarmen hau Durangaldeko ondare historikoa, soziala eta kulturala sustatzeko proiektuak alkarregaz gauzatzeko esparru arautua eta egonkorra izango dala ziurtatu dabe. 10.000 euroko aurrekontua aurreikusi dabe urtea amaitu arteko jardueretarako.
Egitasmo zehatz batzuk indartu ahal izango dira hitzarmenaren bidez, esate baterako, ondareari buruzko kultur jarduerak, bisita gidatuak, Astola aldizkaria, urteroko argazki zaharren egutegia eta Durangaldeko argitalpenek Durangoko Azokan daben leku berezitua.
Gainera, aurten, egitasmo barri bati helduko deutse, hau da, Durangaldeko ikerlari barrien saria sortuko dabe, hurrengo urteetan deialdi gehiago egiteko asmoz.
Hitzarmen hau pauso handia da Mankomunitateak Gerediagagaz dauen lankidetzan, eta Durangaldeko ondare historiko, sozial eta kultural garrantzitsuari balioa emoten eta berau ezagutarazoten lagunduko dau, adierazo dau Mireia Elkoroiribek.
Nerea Mujikak Gerediagaren poza eta eskerrona agertu ditu hitzarmenaren kontura. Alkarteak eskualdean eta eskualderako egiten dauen lanaren autortzea da eta helburu komun batzuk konpartiduten doguzala adierazoten dau.
Ganera, akordio hau hasierea baino ez dala nabarmendu dau: Gaur hasi dogun bidean sakontzen eta egitasmoak zabaltzen joan gura geunke hurrengo urteetan, Mankomunitatearen laguntzinoagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!