Garagarriletik aurrera, bisita familiarrak Punta Begoñan
2022-06-29 13:01 KultureaJardueran parte hartzeko, erreserbea egin behar da hemen.
Azken urteetan Getxoko Punta Begoña bisitau daben persona gehienen motibazinoa familian esperientzia bat biziteagaitik izan dala egiaztatu ondoren, Punta Begoña Fundazinoak eskaera horri erantzun nahi izan deutso belaunaldien arteko bisitak atonduz, publiko heldua eta edade txikikoak entreteniduteko.
Lanak aurrera doaz, herritarrek erabilteko eta gozetako espazioak berreskuratzen dabiz eta prozesuan zehar jarduera kulturalak eta bisita ebolutiboak eskaintzen dira, beti be erispide parte-hartzaile eta sozialari eutsiz: Erispide horreei jarraituz, Fundazinoak atzemon dau Punta Begoñaren ezaugarrietako bat gomutak eta ia beti konpartiduten dan memoria gogorarazoteko ahalmena dala. Jente asko etorten da bisita gidatuetara eta errepetidu egiten dabe baina orain seme-alaba eta lobakaz batera datoz, galerien historia, Getxokoa eta Euskadikoa, konpartiduteko asmoz, Amaia Agirre Getxoko alkateak adierazo dauenez.
Bestalde, Punta Begoña Fundazinoko zuzendariak, María Peraitak, azaldu dauenez, monumentuaren ahalmen didaktikoa eta integratzailea ikusi eta ulertu genduan jarduera ludiko bat sortzeko beharra egoala, txikienek gozetako modukoa baina helduak ahaztu barik. Ez da umeentzako tailer bat. Txikiek eta nagusiek eraikina eta haren paisajea arakatuko ditue, galerikit-aren laguntzaz, formak, koloreak, ehundurak deskribiduteko, bost zentzunakaz jolastuz eta ezkutuan egon diran sekretuak deskubriduz.
Bisitak
Datorren zapatuan, garagarrilaren 2an hasi eta abendura arte, astegoien bakotxean galerietan zehar bisita familiarra egingo da. Bertan, 20 laguneko taldeak denporan eta espazioan ibiliko dira, ikasten, olgetan eta, batez be, eurena dan ondare batez gozatuz.
Jardueran parte hartzeko, erreserbea egin behar da Punta Begoñaren webgunean hemen. Bisitak, ordubetekoak, goizez edo arratsaldez eta euskeraz edo gaztelaniaz egingo dira, webgunean argitaratutako egutegiaren arabera.
Plazak mugatuak diranez, erreserben konpromisoa bermatzeko, personako 3 € ordaindu beharko da bisitea egiteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!