Jente guztiari edegitako jaialdia izango da 13. Korterraza Gasteiz
2022-06-29 12:43 KultureaGaragarrilaren 7tik 9ra egingo ditue proiekzino eta kontzertuak.
Gasteiztar eta bisitari guztiek gozau deien, dobako proiekzino eta kontzertuak egingo ditue 13. Korterraza Gasteiz jaialdian, garagarrilaren 7tik 9ra, Artium Museoan. Herritar guztientzat edegia izango dala nabarmendu dau Estibaliz Canto zinegotziak. Pandemiak markautako edizinoen ondoren, aurten Korterraza Gasteiz ohiko agertokira bueltauko da, Artiumera, urteko film labur onenakaz eta musika onaagaz.
Kontzertuen alorrean, goi mailako kartela dakar Korterrazak. Aitatzekoa da Eli Paperboy Reed estadubatuarraren emonaldia Harlem Gospel Travelers taldeagaz batera, baita Niña Coyote eta Chico Tornadoren rock indartsua be. Germán Saltoren talentua, Rambalayaren erritmo jantzagarriak, MICEren abesti barriak eta Arenna gasteiztarren proposamen interesgarria be badagoz egitarauan.
Proiekzinoak, ostera, aire zabalean izango dira. Aurten hiru saio antolatuko ditue, eta azkenaldiko film labur esanguratsuak ikusi ahal izango dira. Publikoari programazino entretenigarria, interesgarria eta kalidadezkoa eskaintzen ahalegintzen gara, azaldu dau Xabi Vitoriak, Korterrazako egitaraua atontzeaz arduratzen dan Kultura Kalean! taldeko kideak. Ez da erraza, baina merezi dau, publikoaren erantzun bikaina ikusita.
Korterraza Gasteizen garagarrileko egitarauaren jarraipen lez, abuztuaren amaieran Korterraza Sensibiliza ipiniko dabe martxan, gai sozialen inguruko film laburren saila. Irailean, ostera, umeentzako programazino berezia eroango dau Gasteizera Korterraza Txikik.
Araban, uda osoan
Gasteizko egitarauagaz batera, Korterrazak badau herririk herri ibiliko dan beste programazino ibiltari bat be. Garagarriletik irailera, Arabako 38 herritan atondu ditue film laburren proiekzinoak. 42 pelikulako katalogoa dago, eta herri bakotxean aukeratu dabe zeintzuk emon.
Proposamenen artean, arabarrek honako istorio honeek topauko ditue, besteak beste: Ellie, ospitaleko larrialdi-gelan suspensea eta dramea buztartzen dituana; Mesa para 3 satira dibertigarria; La nadadora dramea; No te verán correr Jon Plazaola protagonista dauen thrillerra; eta Mañana volveré, 2017an Korterraza Gasteizen Publikoaren Saria irabazi eban Hugo de la Riva zuzendariarena.
2022ko Korterrazako sari nagusien irabazleak aukeratzeko (Sail Ofiziala eta Komedia ataletan), epaimahaikideak izango dira Paul Urkijo, Ylenia Baglietto eta Edorta Lamo. Sarietako bat, Bertako Igogailuak-Euskara Saria, dagoeneko erabagita dago: Aitor Gametxoren Berak baleki filmari emongo deutse.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!