Uribe Kostako 365 ikaslek parte hartu dabe 'Argi eta Garbi' proiektuan
2022-06-29 08:29 KultureaHelburua da ikasleek birzikletako edukiontziak behar bezela erabilten ikastea.
Uribe Kostako Mankomunidadeak bideratutako Argi eta Garbi proiektuaren helburua eskualdeko ikastetxeetako ikasleek birzikletako edukiontziak behar bezela erabilten ikastea da. Holan, Uribe Kostako umeak euren udalerrietako kaleetako hondakin-edukiontziakaz ohituten dira.
Proiektuaren lehen blokea apirilean, maiatzean eta bagilean egin da. Parte hartu dauen lehen ikastetxea Lemoizko Eskolea izan da, ondoren Zipiriñe Eskolea, Sopela BHI eta azkenik Ander Deuna Ikastolea. Danetara, ingurumen-hezkuntzako 17 jarduera egin dira eta horreetan, 5 urteko gelako, Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta Ekodelegatuetako umeek hondakinak murriztearen eta zaborrak behar bezela kudeatzearen garrantziaz ikasi dabe.
Eskola-maila bakotxerako jarduera espezifiko bat diseinau da, ikuspegi hezitzailea, didaktikoa, dibertigarria eta barritzailea ardatz. 5 urteko ikasleek Upcycling edo Suprareciclaje tailerrak egin ditue. Tailer horreetan etxeko hondakinak erabili ditue arte-pieza barriak sortuz. Sormenezko gaitasunak sustatzen dituen eskulanak azaldu dira ikastetxean eta, holan, gainerako ikasleak eta familiak etxean sortutako hondakin kopuruaz eta planetearen aldeko gizarte-aldaketearen parte izateko beharraz jaubetu dira.
Lehen Hezkuntzako 4. mailan, proiektu honetarako diseinau eta sortutako Argi eta Garbi mahai-jokoan jokatu dabe. Joko kooperatiboa, izan be, gelako talde guztiek lortu behar dabe hondakinari jagokon edukiontzira heltzea, sortzen dogun hondakin mueta bakotxa nora bota behar dan behar bezela erantzunez. 5 R-ak ikasiz eta barruratuz: bazteRtzea, murRRiztea, berreRabiltea, biRzikletea eta eRantzukizuna.
Ekodelegatuen taldean 12 urtetik 16 urtera bitarteko bigarren hezkuntzako ikasleak egongo dira eta ikasle horreekaz diseinautako rol-partida bat jokatu dabe, planetea hobetzeko erantzukizun indibiduala nabarmentzeko hondakinen kudeaketeari jagokonez, baita ingurumena danon onerako gizarteko kideen artean lankidetzea jorratzeko ezinbesteko beharra dagoala jakinarazoteko be.
Gainera, tailerrak Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunidadeak dauen birzikleta-totemakaz osotu dira. Hondakin bakotxa zer edukiontzitan itxi behar dan herritarrei jakinarazoteko eta dudak argitzeko helburua daben totemak. Udalerri bakotxean aste bitan egongo dira prest eta epealdi horretan zehar tailerrak egingo dira. Eskola-proiektuaren bigarren blokea irailean, urrian eta zemendian izango da, Urduliz, Plentzia, Gorliz eta Berangoko ikasleek parte hartuko daben hilebeteak, hurranez hurran.
Proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoa izan dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!