Euskadiko Filmategiak Jazzinema zikloa egingo dau garagarrilean

Bizkaie! 2022-06-29 08:27   Zinemea

Lau film proiektauko ditue.

Denporaldia amaitzeko, Jazzinema dakar Euskadiko Filmategiak garagarrilean, zinemea eta musikea buztartzen dituan zikloa. Izan be, urtearen sasoi honetan Euskal Herrian egoten diran jazz jaialdiakaz bat eginez, genero horri begiratuko deutse pelikulen bidez. Hain zuzen be, lau film proiektauko ditue Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, eta hiru Donibane Lohizunen.

Jazzineman programautako lehenenengo filma Jazz on a Summer's Day (Bert Stern, 1959) izango da. Bertan, besteak beste, Louis Armstrong, Mahalia Jackson eta Thelonious Monk musikarien emonaldiak agiri dira, Newporteko jaialdi mitikoaren 1958ko edizinoan. Donostiako eta Gasteizko jazzaldietako zuzendari diran Miguel Martínek eta Alberto Ibarrondok aurkeztuko ditue saiook. 

1990ean Spike Leek zuzendutako Mo’ Better Blues filma izango da hurrengoa. Jazzeko tronpeta-jotzaile baten ibilerak kontetan ditu, Denzel Washington aktore nagusi dala. Donostia Kulturako Zinema Unitateko arduradun Josemi Beltranek aurkeztuko ditu film honen proiekzinoak. 

Zikloko hirugarrena, Urkamendirako igogailua (Louis Malle, 1957), frantziar zinemagintzearen klasiko handia da eta haren soinu-bandea jazz modernoaren historiako artistarik garrantzitsuenetako batek, Miles Davis tronpeta-jotzaileak, egin eban. Begoña del Teso kazetariak eta Alberto Ibarrondo Gasteizko jazz jaialdiaren arduradunak aurkeztuko dabe filma. 

Thelonious Monk pianista eta konpositore estadubatuarraren bizitzea jorratzen dauen Thelonious Monk: Straight no Chaser (Charlotte Zwerin, 1988) dokumentalak emongo deutso amaierea Jazzinemari.

Donostiako Tabakaleran, Gasteizko Artium Museoan, Bilboko Arte Eder Museoan eta Donibane Lohizuneko Le Select aretoan izango dira proiekzinoak, 19:00etan; baita Iruñeko Golem Yamaguchin be, 20:00etan.

Programazino osoa eta egutegia, hemen.

Jazzinema amaitzen danean, oporrak hartuko ditu Euskadiko Filmategiak, udagoienera arte. Euskal emakumeek zuzendutako pelikulen zikloa izango da hurrengoa, urrian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu