Ana Díezek bere azken lana, 'A quien cierra los ojos', aurre-estreinauko dau Tabakaleran

Bizkaie! 2022-06-28 13:42   Zinemea

Patricia Reyes Spíndola aktorea be han izango da.

Euskadiko Filmategiak euskal zinemearen aitzindarien pelikulea programauko dau garagarrilaren 9an.

Euskadiko Filmategiak Ana Díez (Tutera, 1957) A quien cierra los ojos zuzendariaren azken lana proiektauko dau garagarrilaren 9an Donostiako Tabakalera zentroan. Díez barriro be jarri da kamerearen atzean (Paisito, bere aurreko film luzea, 2008n estreinau eban) eta Donostian aurkeztuko dau pelikulea Patricia Reyes Spíndola aktore mexikarragaz batera.

Istorioa Mexiko Uriko Villaseñor ikastetxe pribatuan girotuta dago eta bertan bizi diran helduek eta nerabeek bidaia bati ekingo deutse, non amaituko daben ez dakitelarik. Ikastetxeko zuzendariak, Reyes Spindolak hazurmamituak, eskolea hartu eban oinordetzan, baina bokazino barik, zentroa suspertu eta bizibarritzeko. Halan da be, jazoera gogor batek erakutsiko dau norberaren izakerea.

Egilearentzat lan hau gozamena izan da, baina baita erronkea be: Erronkea izan da, pelikula korala dalako, kurutzatutako bizitzak dagoz eta personaia asko. Istorioa eregiteko garaian protagonisten sentimendu sakonenak eta intimidadea erakustea oso konplexua subertau jat, esan deutso egileak Euskadiko Filmategiari. Baina Diezek ez ditu Mexikoko eskola pribatu honetan bizi diran personaiak deskribidu, krisian dagoan hezkuntza eta gizarte sistema bat be jorratu gura izan dau: Film honek amaierea emoten deutso nire ibilbideari. Mexikon hasi nintzan Elvira Luz Cruzegaz (1985) eta, oraingoz, Mexikon, A quien cierra los ojos filmagaz zarratzen dot; niri betidanik interesau jatan gai bategaz: hezkuntza-sistemea eta zelan prestetan diran belaunaldi barriak etorkizunerako. Uste dot galderak egin ditudala; hori da niri gustetan jatan zinemea, esan dau zinemagile nafarrak.

A quien cierra los ojos Educadoresek, Reflektok, Antitesisek eta Indie Zinema Ikasketen Zentroak produzidu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu