Iban Illarramendi eta Eider Perez, album ilustratuen Etxepare Sariko irabazle

Bizkaie! 2022-06-28 10:24   Kulturea

Kiratsa lanagaitik emon deutse saria.

Nafarroako hainbat udaletako euskera zerbitzuek Pamiela argitaletxeagaz alkarlanean urtero antolatzen dabe euskerazko album ilustratuen Etxepare Saria, eta 2022ko deialdia Iban Illarramendik eta Eider Perezek irabazi dabe. Kiratsa izeneko albuma sortu dabe eta, epaimahaiaren ustez, horixe izan da lehiaketara aurkeztutako 35 lanetatik onena.

Hiru lagun izan dira epaimahaikide: Miren Asiain ilustratzailea; Idoia Sobrino liburuzaina; eta Patxi Zubizarreta idazlea.

Kiratsa album ilustraduak Ñimi kukusoaren abenturak ditu ardatz eta usain onei eta txarrei buruzko gogoetea plazaratzen dau: zer dan usain, zer lurrin, zer hats… Ñimi Pantxi txakur dotoreagana heldu da eta biak, triska, zapart eta jauzi, usain bila hasiko dira. Eider Perezek idatzi dau testua eta Iban Illarramendik egin ditu marrazkiak.

Etxepare Sariko irabazleen barri emoteko ekitaldian antolatzaileek azaldu dabenez, Kiratsa ezin egokiagoa da album baterako, laburra, errimaduna, aberatsa eta onomatopeietan oinarritua dalako: Ezin aproposagoa errezitau eta gozetako. Ilustrazinoak dotoreak dira, sofistikatuak, hainbat oihartzun eskaintzen ditue, adibidez, René Magritteren zeruenak; eta, batez be, oso narratiboak eta musikaltasunez beteak.

Testuaren eta ilustrazinoen arteko buztarketea goi mailakoa dala ganeratu dabe. Esan daiteke idazle-ilustratzaileek album ilustratu, jostagarria eta harmonikoa lortu dabela, irakurleentzako benetako oparia, behin eta barriro irakurteko eta usaintzeko gogoa emongo dauena.

Perezek eta Illarramendik 5.000 euroko saria jasoko dabe. Ganera, aurtengo udagoienean, Pamielak argitaratuko dau albuma.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu