'Giza eskubideak dira', sexu aukera guztien aldeko kanpainea
2022-06-28 08:06 Pil-pileanBilboko Udalak be bat egin dau Harrotasunaren Egunagaz.
Beste erakunde, eragile eta norbanakok lez, Bilboko Udalak be bat egin dau LGTBI+ Harrotasunaren Munduko Egunagaz. Bagilaren 28an gogoratzen da egun hori kontinente guztietako hainbat herrialdetan. Gure eskubideak dira lemapean, kanpainea hasi dabe Bilbon, eta ostadarraren koloreakaz argiztatuko dabe udaletxeko horma nagusia.
Ikusgaitasun Lesbikoaren eta Homofobiaren Kontrako nazinoarteko egunetan zabaldu eban kanpainea da bagilaren 28aren kontura Bilboko Udalak martxan jarri dauena. Gure eskubideak dira leloaren bitartez, mezu garbi eta erraza gizarteratu nahi dau: azpimarratu nahi dogu sexu eskubideak be giza eskubideak dirala; bai batzuk bai besteak, unibersalak dirala eta eskubideok ez dagozala ohituren edo kultura-eretxien menpe, Nekane Alonso zinegotziaren arabera.
Harrotasunaren Nazinoarteko Egunak aukerea emoten deusku sexu-aniztasuna eta era guztietako diskriminazino lgtbfobikoen aurrean zero tolerantzia sustatzeko, ganeratu dau zinegotziak. Sensibilizazino-ekintza honeen helburua da Bilbon benetako bardintasuna lortzea, normalizadua eta aurreretxirik bakoa, mundu guztiak aukerea izan deian bere idiosinkrasia eta afektuak askatasun osoz adierazoteko.
Hori dala eta, Bilboko Udalak norbanakoen eskubide eta askatasunen aldeko politika publikoak bultzatzen dituala azaldu dau Alonsok, LGTBIQ+ kolektiboaren errealidadea ulertu eta onartu dadin. Gizarte-eragileei zuzendutako ekintza pedagogikoak eta sensibilizazino-ekintzak egiten dira. Aintzat hartzen doguz bertoko LGTBIQ+ kolektiboak, alkarregaz gizarte bidezkoagoa, adeitsuagoa eta integratzaileagoa eregiteko.
Ganera, udaletxeko fatxadea ostadarraren koloreakaz argiztatuko dabe gaur, bagilak 28. LGTBIQ+ kolektiboari ikusgaitasuna emoteko eta eskubide-bardintasuna aldarrikatzeko ekintzea dala dino Udalak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!