Bilboko Iturralde ezagutu ahal izango da garagarrilean
2022-06-27 12:51 KultureaBisita gidatuak dobakoak dira.
Bilbao Izan programearen barruan, uriko auzoak erakusten dabil Bilboko Udala azkenaldion. Bagilean Atxurin ibili eta gero, garagarrilean Iturralde ingurura joko dabe, hau da, Zazpi Kaleak eta Begoña inguruko goiko auzoak lotzen dituan eremura. Iturribide eta Prim kaleak dira auzune horren ardatzak.
Ezagutu Oinez egitasmoan ohikoa dan lez, dobako bisita gidatuen bidez erakutsiko dabe Iturralde datorren hilean. Modalidade bi egongo dira: oinezko bisitaldi arruntak eta ume eta familientzako egokitutakoak.
Bisitak ordu eta erdikoak izango dira, martitzenetik domekara. Euskerazkoak eguenetan egingo ditue, eta talderen batek eskatu ezkero, beste egun edo ordu batzuetan be egin ahal izango dira euskerazkoak.
Familientzako modalidadea, lau urtetik gorako umeak dituenentzat, bisita gidatu arrunta baino gehiago izango da. Olgetak eta proba dibertigarriak egingo ditue bidean, modu ludiko eta atseginean Iturraldeko bazterrek gordeten daben historia ezagutzeko. Modalidade honetan, saio guztiak elebidunak izango dira, euskerea eta gaztelania tartekatuta.
Bisitaldietan parte hartzea doban da, baina aurretik izena emon behar da. Bagilaren 27an zabalduko dabe epea, Bilbao Kultura webgunean. Familien bisiten kasuan, saio bakotxa baino 48 ordu lehenago zabalduko dabe izen-emotea.
Izenak berak dinoanez, iturriak eta iturburuak izan ziran Iturralderen ezaugarrietako bat sasoi batean. Zazpi Kaleen eta Begoñako eleizate zaharraren artean, joan-etorrietarako eta lotuneetarako lekutzat hartu izan da betidanik, aldatz eta desnibelez betea. Historian zehar, auzoa biziteko, ikasteko, lanerako eta aisialdirako leku ezaguna izan da bilbotar askorentzat.
Bisitaldietan jakin ahal izango dogu antzoki eta frontoi desagertuen barri, eta ezagutuko doguz tranbiek eta trenek egindako bidaiak, hezkuntza erakundeak, bonbardatutako fabrikak, futbolari famaturen bat be bai, eta hori gitxi balitz, museo bihurtutako ukuilu bat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!