Getxo Kirolak-ek eta kirol klubek 5.500 plaza eskaintzen ditu

Bizkaie! 2022-06-27 07:50   Pil-pilean

Izena emoteko epea bagilaren 27an zabalduko da.

Getxo Kirolak-ek eta udalerriko kirol klubek daborduko zarratu dabe datorren denporaldirako ikastaroen eta kirol jardueren programazinoa. Danetara, 45 kirol modalidaderako 5.500 plaza inguru eskainiko dira, jarduera fisikoaren behar guztiak eta edade guztiak kontuan hartuta. Holan, eskaintzak kirol klub getxotarren eskutik atondutako ume eta gazteentzako ikastaro eta jarduera bereizten ditu; persona helduentzako ikastaroak, Getxo Kirolak-ek atondutakoak; eta edadeko personentzako eskaintzea, zahartze aktiboaren programeagaz (Getxo Lagunkoia) koordinauta; honek barrubatzen ditu Getxo Kirolak-ek lekuan lekuko kirol alkarteakaz alkarlanean atondutako ikastaroak eta bestelako jarduerak.

Ikaskuntza zikloko ikastaroetan matrikulauta egoteagaitik plazea erreserbetako eskubidea daben personei zuzendutako izena emoteko lehen epea amaitzean, inskripzino barrietarako epea bagilaren 27an hasi eta garagarrilaren 27an amaituko da. Jarraian plazak zozketa bidez esleituko dira aurkeztutako eskaerak kontuan hartuta eta abuztuaren 8tik aurrera inskripzino librerako beste epea bat zabalduko da, eskainitako plaza guztiak osotu artekoa.

Izena emoteko Getxo Kirolak-eko harpidedun karneta derrigorrezkoa izaten dan ikastaro guztietan, inskripzinoa barriro be Fadurako eta Gobelako kiroldegietako jentearen arretarako bulegoetan eta kirolen udal erakundearen webgunean zentralizauko da.

Askotariko kirol eskaintzea

Eskaintzeari jagokonez, ume eta gazteen kirol programazinoan Getxo Kirolak-eko harpidedun karneta derrigorrez eskatzen daben ikastaroak bereizten dira (esaterako tenisa, ugerketea, erritmikoa eta karatea) beste jarduera batzuetatik (inskripzinoa ordaindu arren urteko harpidetzea ez da egingo. Azken kasu honetan, futbola, errugbia, atletismoa, saskibaloia edo eskubaloia lako diziplina ospetsuenez harago nabarmentzekoak dira badmintona, arku-tiroa, belea, irristaketa artistikoa, txirrindularitzea, boleibola, triatloia, boxeoa, areto-futbola, piraguismoa, arrauna, mahai-tenisa, bedar-hockeya, patin-hockeya, kirol egokitua, xakea eta euskal pelotea lako hain ohikoak ez diran modalidadeak.

Persona helduentzako programazinoaren kasuan, nobedade nagusiena da indoor zikloko klaseak Fadurako eta Gobelako fitness muskulazinoko gimnasiotan emongo dirala eta kalistenia entrenetako saioak eskainiko dirala Ereaga eta La Galea parkeetan. Persona helduen proposamena gimnasia, pilates, yoga, tenis, padel, aquagym eta ugerketa klaseakaz osotzen da.

Edadeko personentzako kirol eskaintzeari jagokonez, hainbat jarduera Fadurako eta Gobelako kiroldegietan emongo dira eta beste batzuk Romo Kultur Etxean eta udalerriko hainbat parketan. Zenbait jardueretan derrigorrezkoa da Getxo Kirolakeko harpidetza karneta izatea eta ordaindu egingo dira, beste batzuk sarbide librekoak eta dobakoak izanik. Jarduera nagusienen artean dagoz aquagym, walking futbola, belea eta parketako gimnasia. Nobedade bezela, defentsa personalerako jarduera bat atonduko da 60 urtetik gorako personentzat.

Getxo Kirolak-ek liburuxkak argitaratu ditu eskaintza osoaren zehetasunak erakusteko: Fadurako eta Gobelako bezeroaren arretarako bulegoetan eskura daitekez edo www.getxokirolak.eus webgunean konsultau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu