Omako Basoko artelanak lekuz aldatzen hasi dira

Bizkaie! 2022-06-27 10:05   Kulturea

Prozesua 2023an amaituko dan arren, bisita gidatuak egingo ditue aurtengo udan.

Aldundiko eta Kortezubiko ordezkariak, adituen azalpenei adi (argazkiak: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Agustin Ibarrolak margoztutako Omako Baso ezaguneko arbolak hilten hasi diranez, Basobarri izeneko beste eremu batera eroango dabe eskuhartze artistikoa, aurrerantzean be Bizkaiko ondarearen parte izan daiten. Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez, egunotan hasi da artelanak lekuz aldatzeko prozesua, eta 2023ko udan amaitzea da aurreikuspena. Aurtengo garagarrilaren 25etik, bisita gidatuetan parte hartu ahal izango da, aurretik izena emonda.

Omako Basoaren ondarea leku batetik bestera eroateko prozesuan aditu asko dabiz parte hartzen. Batetik, artista eta zaharbarritzaile talde bat, Ibarrolaren obran aditua dan Fernando Bazeta buru. Bestetik, Basalan foru enpresako adituak dagoz, basoa ahalik eta ondoen jagonda egon daiten.

Basobarri ez dago lehengo Omako Basotik urrun, biak dira Kortezubiko udalerriaren parte. Lekualdatzea zelakoa izango dan ikusten joan dira Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeria, Kultura diputadu Lorea Bilbao, Kortezubiko alkate Karmele Enbeita eta Agustin Ibarrolaren seme Irrintzi Ibarrola.

Azaldu dabenez, Ibarrolaren artelanentzako baso barriaren bila, 27 lursail aztertu zituen, Basobarri izeneko honen alde egin baino lehen. Adituen eretxia kontuan hartuta aukeratu eben. Eguraldiak zeharo badintzatzen dau era honetako prozesu bat eta, horregaitik, parte bitan egingo dabe lan guztia: aurtengo udan eta hurrengoan.

Dana dala, lekualdatzea amaitu barik egon arren, bisita gidatuak egin ahal izango dira. Garagarrilaren 25etik irailera arte egongo dira martxan eta parte hartzeko aurretik izena emon behar da, 94 465 16 57 zenbakira deituta (garagarrilaren 15ean hasita).

Bisitaldirik ez dagoan sasoietan, Omako Basoa zarratuta egongo da, lekualdatzea egiten dabizan adituak baino ez dira sartuko. Behin prozesu guztia amaituta, 2023an, barriro zabalduko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu