Alberto Ramirezen pinturak ikusgai Barakaldon, garagarrilaren 22ra arte

Bizkaie! 2022-06-24 11:25   Kulturea

Herriko artistarik esanguratsuenetako bat izan zan.

Amaia del Campo alkatea (eskuman), erakusketearen inaugurazinoan (argazkia: Barakaldoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Barakaldoko Udalak gogoan hartu nahi izan ditu Alberto Ramirez artistearen talentua eta eskuzabaltasuna. Izan be, Ramirez igaz hil zan, 79 urtegaz, eta Barakaldoko herriari 19 pintura emon eutsazan dohaintzan. Herriko artistarik ezagun eta esanguratsuenetako bat izanik, erakusketea atondu dabe 19 obra horreek auzotar guztiek ikusi deiezen.

Udalaren erakusketa aretoan ipini dabe Alberto Ramirez izeneko erakusketea, garagarrilaren 22ra arte. Inaugurazinoan izan dira Amaia del Campo alkatea eta artistearen senideak. 

Ia alor guztietan nabarmendu diran personak izateko subertea dogu Barakaldon, eta artea da horreetako bat, adierazo dau Amaia del Campok. Ramirezen obrak Udalak jaubetzan izatea ohorea da, haren ondareari bizirik eutsi ahal izateko. Hil eta gero dohaintzan jasotako 19 obrez gan, Ramirezen beste hamar be izan ditu lehendik Udalak: zazpi, 1960 eta 70eko hamarkadetan eginak eta beste hiru, 2001ekoak.

1942an Barakaldon jaioa, Alberto Ramirezek beti izan eban lotura estua jaioterriagaz, Madrilera ikasten joan eta han geratu zan arren. Parisen be ikasi eban. Errealismo barria landu eban gehienbat, baina artista-taldeetan sartu barik, bere bidearen bila. Arte figuratiboa eta kolorea oinarri, irudi poetikoak sortu zituan pinturearen bidez.

Udal erakusketa aretoan egindako lehenengo erakusketan hartu eban parte, 1975ean, eta 30 urte geroago beste erakusketa bat ipini eban leku berean. Orain, Ramirezen heriotzatik urtebetera, barriro bueltan dira bere koadroak udal aretora.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu