Artxiboen kudeaketea hobetzeko legea onartu dau Eusko Legebiltzarrak
2022-06-24 08:48 KultureaAgirietako ondarea babesteko eta herritarrei erraztasunak emoteko balio dau.
Kontrako boto barik, Eusko Legebiltzarrak onartu egin dau Euskadiko Dokumentu-Kudeaketa Integralaren eta Dokumentu-Ondarearen Legea, EAEko artxibo publiko zein pribaduak zorrotzago kudeatzeko eta bertan gordeten dan ondarea era egokian zabaltzeko balio izango dauen araua.
Legearen bultzatzaile izan dan Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak azaldu dauenez, lege barriari esker aurrera egingo da zerbitzu publikoen informazinoaren kudeaketearen hobekuntzan, gardentasun-printzipioaren garapenean, dokumentu-ondarearen babesean eta herritarrek informazinoa eskuratzeko eskubidearen autorpenean.
Testuak erantzuna emoten deutso, gizarte digitalaren testuinguruan, dokumentuen kudeaketa integralaren erronkei. Artxiboen alorrean aldaketa sasoiak dira, informazino elektronikoa nabarmen hazi dan ezkero. Sistema eta formatu ugaritan sortzen eta biltegiratzen dira gaur egun dokumentuak eta bizikidetzea dago papelezkoaren, sistema mistoen eta erabat elektronikoen artean.
Legeak hainbat agindu dakarz, erakunde pribadu zein publikoei zuzenduak. Esate baterako, erakunde publiko bakotxak bere artxiboa izan beharko dau, Euskadiko Artxibo Sistemearen parte izango dana. Bide horretan, udalek edo lekuan lekuko erakundeek alkarlanak edo mankomunidadeak eratu ahal izango ditue.
Euskadiko Dokumentu Ondarea dalakoa be arautzen dau legeak. 50 urte baino gehiagoko antxinatasuna daben titulartasun publiko zein pribaduko dokumentu guztiak sartzen dira hor, baita Euskal Kultura Ondarearen EAEko erregistroaren parte diran dokumentu guztiak be. Euskadiko Dokumentu Ondareak inbentario bat izango dau agiriak eta honeek gordeten dituen artxiboak identifiketan laguntzeko.
Arauak Euskadiko Artxibo Historikoaren izaera juridikoa indartu eta eguneratuko dau. Erakunde horren ardurea izango da Euskadiko Dokumentu Ondarea osotzen daben, edo osatu leikien, dokumentuak kudeatu, konserbau eta zabaltzea.
Kultura sailburu Bingen Zupiriak eskerrak emon deutsez legebiltzarkideei legearen alde egiteagaitik. Alderdi politikoen arteko adostasunari esker egin dau aurrera proposamenak, eta horrek are balio handiagoa ematen deutso onartutakoari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!