The Otolith Group-en 'O Horizontea' ikusgai Guggenheimen

Bizkaie! 2022-06-23 13:11   Kulturea

Naturea eta planetea jagotearen premia agertzen dau ikus-entzunezkoak.

Juan Ignacio Vidarte (Guggenheimeko zuzendaria), Anjalika Sagar, Kodwo Eshun eta Manuel Cirauqui (komisarioa), bideoaren aurkezpenean (argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur egungo artean ospe handiko sortzaile bi dira Anjalika Sagar eta Kodwo Eshun. Bien artean sortutako proiektu artistikoa da The Otolith Group, arte garaikidean eta saiakera filmikoaren eboluzinoan funtsezko erreferentetzat joten dan ekimena. Bilboko Guggenheim Museoak bikote horrek egindako ikus-entzunezko bat ipini dau, O Horizontea, eta urriaren 2ra arte ikusi ahal izango da.

Film&Video aretoan aurten ikusi leiteken bigarren sorkuntzea da honako hau. Bideo-artearen, ikus-entzunezko instalazinoen eta mobimendudun irudiaren gunea da areto hori. Anbizino handiko instalazinoa dala adierazo dabe Museoko arduradunek, The Otolith Group-eko artistakaz egindako aurkezpenean.

Literaturako Nobel Saridun Rabindranath Tagorek 1921ean sortu eban Visva Bharati eskolan oinarritzen da O Horizontea (jatorrizkoan, O Horizon) filma, 2018an egina. Indiako pentsamenduagaz lotura zuzen-zuzena dau, beraz. Obreak naturearen eta planeta jagoteko premia biziaren inguruan gogoeta egitera bultzatzen dau ikuslea.

Ikus-entzunezkoak Visva Bharati eskolako egunerokoa erakusten deusku, bertan egiten diran jantza, entsegu eta erritualak, eskolak, kutsu mistikoa daben abestiak, barriketaldi eta olgetak, animalien begiradak zein paisaje naturalak... Ibilbide dokumental baina era berean poetiko baten bidez agertzen jaku hori guztia. Zehaztasunez behatzen dira Santiniketanen nortasunaren bereizgarri diran muralak eta eskultura publikoak, eta komunidadearen egunerokoan erabilten diran gailu digitalak eta pantailak be agertzen dira aldizka.

Ikus-entzunezkoaren alboan, argazki eta montajeen bilduma txiki bat dago, Visva Barathiko hainbat alderdi erakusten dituana. Era berean, Vydia Sagar artista indiarrak papel ganean egindako obra batzuk be ikusi leitekez. Anjalika Sagar autorearen aita zan Vydia Sagar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu