Foru Liburutegia Euskadiko Liburutegi Sisteman sartuko da

Bizkaie! 2022-06-23 12:37   Kulturea

Bertako funtsak katalogo kolektiboaren parte izango dira aurrerantzean.

Lorea Bilbao eta Andoni Iturbe, Foru Liburutegiaren aurrean (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegi ugariren funtsak batzen dituan katalogo digitala da Euskadiko Liburutegien Sistemea, eta bertako parte izango da Bizkaiko Foru Liburutegia. Lau urterako hitzarmena sinatu dabe Eusko Jaurlaritzeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Foru Liburutegiak lankidetzan jardungo dau erkidegoko beste liburutegi eta erakunde batzukaz.

Ondarearen ikuspuntutik, balio handiko funtsa da Foru Liburutegiarena, liburu zahar ugari gordeten ditualako, tartean inkunableak. Ganera, autore askoren bilduma zabala dauka: Martín de Azpilcueta, Bartolomé de Carranza, Alonso de Ercilla y Zuñiga, Esteban de Garibay, Manuel Larramendi, Nicolás de Arriquibar, Valentín de Foronda, José Joaquín de Landazuri, José de Mazarredo...

Aurrerantzean, funts bibliografiko zabal hori Euskadiko Liburutegiaren Sistemako parte izango da eta berau aberasten lagunduko dau. Gaur egun, EAEko liburutegi publiko eta pribadu ugaritako hiru miloe erregistro inguru dagoz katalogo kolektibo horretan. Besteak beste, Sisteman hartzen dabe parte Eresbilek, Euskaltzaindiak, EHUk, Deustuko Unibersidadeak, Sancho el Sabio Fundazinoak, Euskadiko Filmategiak eta Labayruk.

Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Andoni Iturbe eta Bizkaiko Kultura diputadu Lorea Bilbao egon dira hitzarmena aurkezteko agerraldian. Katalogoen konexino kolektiboa giltzarria da, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzen lagundu behar deuskuna eta, hedaduraz, irakurketarako sarbidea erraztu behar dauena, adierazo dau Iturbek. Azken batean, ezagutza barriak eskuratzea eta, ahal bada, kulturearen demokratizazinoa bultzatzea.

Lorea Bilbaoren ustez, erabiltzaile gehiagogana helduko dira Foru Liburutegiko altxorrak akordioari esker: Sistemearen parte izateak gure funtsak erakusleiho batean jartea esan nahi dau, Bizkairako hedapen handiagoa dakar eta, aldi berean, Bilgunea aberasten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu