Gernikan amaituko da MusEkintza, barikuan
2022-06-23 11:21 KultureaBizkaiko museoetako arte eszenikoen programeak lehenengo edizinoa izan dau aurten.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta haren ardurapean dagozan museo eta erakuslekuek sortu eben MusEkintza 2021eko udagoienean, museoen ohiko eskaintzea eta arte eszenikoetako emonaldiak buztartzeko asmoz. Ziklo barritzaile hau herririk herri ibili da hileotan, baina amaitzeko ordua be heldu jako, lehenengo edizinoari jagokonez behinik behin.
Gernikako Euskal Herria Museoko lorategian izango da egitarauko azken saioa, barikuan, bagilak 24, gaueko 22:00etan. Akelarre de los sentidos izenburuko obrea ikusi ahal izango da. Izaskun Barroso aktore eta zuzendariak William Shakespeare-ren Uda-gau bateko ametsa obran oinarritutako antzezlan berezia dakar, autore ingelesaren laneko elementuak euskal mitologiara ekarrita.
Antzezlanaren laburpenak zera dino: Ilunabarrean, Mari jainkosea eta honen senar Sugaar zentzumenen errituala atontzeko batu dira. Gernikako gazteria suspertu nahian, Marik lora magikoa emongo deutso Sugaarri: betazalen ganean putz egin ezkero, ikusten daben guztiak maitemindu egingo dira. Amodio-korapiloak eta fantasia izango dira, eta amaieran akelarrea eta sua.
Jaia amaitzeko, musika elektronikoa egongo da Euskal Herria Museoan, Mamba Beat Club taldearen eskutik, efektu hipnotiko bisualez lagunduta. Antzezlanera zein kontzertura joateko, gonbidapena eskatu behar da aurretik. Informazino gehiago hemen.
Honenbestez, MusEkintzaren lehenengo edizinoa amaituko da. Arte eszenikoakaz lotutako hamar jarduera ekarri ditu egitarauak honako lekuetara: Balmasedako La Encartada Fabrika Museoa, Muskizko El Pobal burdinolea, Bakioko Txakolingunea, Gernikako Euskal Herria Museoa, Bilboko Arkeologi Museoa, Bermeoko Arrantzaleen Museoa eta Muñatones Gaztelua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!