Elkano Itsas Herria Bermeora heldu da

Bizkaie! 2022-06-23 10:53   Kulturea

Erakusketea eta XVIII. mendeko ontzi baten erreplikea ikusi leitekez.

'Juanita Larando' Bermeon (argazkia: Bermeoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko kostaldean dabil asteotan Elkano Itsas Herria proiektuaren itsas zeharkaldia. Getxon, Portugaleten, Barakaldon eta abar egon eta gero, atzo, eguaztena, Bermeoko portura heldu zan Juanita Larando ontzia, XVIII. mendeko patatxe baten erreplikea.

Gaur, eguena, egun osoan egongo da Juanita Larando Bermeon, eta Elkano Itsas Herriagaz lotutako jarduera ugari atondu ditue herritarrentzat. 20:00ak arte, erakusketa ibiltaria ikusi ahal izango da, proiektuaren barri emoteaz gan, euskaldunek itsasoagaz izan daben loturea azaltzen dauena, bertoko itsas kulturea zabaltzea helburu.

17:00etan, umeentzako astronomia tailerra emongo dau Virginia Garcia adituak. Aranzadi Zientzia Alkarteko Astronomia Saileko kidea da. Gastronomia gurago dabenentzat, sagardaoa eta hegaluzez egindako pintxoak probau ahal izango dira, Hazi Fundazinoaren eskutik, 18:30etatik 21:00etara.

Bihar, barikua, Juanita Larando ontzian ibilaldia egingo dabe, Elantxoberaino. Modu horretara, parte-hartzaileek XVIII. mendeko patatxa baten funtzionamendua eta ezaugarriak ikusiko ditue bertatik bertara. Era horretako ontziak sarri erabilten zituen orduko itsasgizonek, bizkorrak, arinak eta moldagarriak ziralako, Elkano Fundazinoak azaldu dauenez.

Pasaian hasi zan Elkano Itsas Herria zeharkaldia, maiatzean, eta udako hileetan Gipuzkoako, Bizkaiko eta Lapurdiko 30 herritan egingo ditu geldialdiak. Herri bakotxean, erakusketa ibiltaria ikusi eta Juanita Larando ontzia bisitau leiteke. Donibane Lohizunen amaituko da bidea, irailean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu