BBK Klima Abentura zabalik Urdaibain
2022-06-23 10:10 KultureaJasangarritasunaren kulturea zabaltzeko zentroa da.
BBK Urdaibai Zentroak, sasoi batean Sukarrietako udalekuetako egoitzea izan zanak, espazio barri bat izango dau aurrerantzean, jasangarritasunagaz eta ingurumenagaz lotua. Familientzako esperientzia-parkea eta ingurumen-heziketarako gunea da BBK Klima Abentura, bultzatzaileek azaldu dabenez.
Azpiegiturearen inaugurazinoan izan dira, Eusko Jaurlaritzearen izenean, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia eta Bingen Zupiria sailburuak. Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari joan da Unai Rementeria Ahaldun Nagusia. Beste erakunde batzuetako eta BBK-ko arduradunak be ekitaldian izan dira.
Urkulluk ondoetorria emon deutso gizarte berde, iraunkor eta justuago batera doan alkargune honi, eta azpimarratu dau beharrezkoa dala borondatea, energia eta ekintzea batzea ingurumenaren eta jasangarritasunaren aldeko konpromisoa indartzeko.
BBK Klima Abentura jasangarritasunaren kulturea zabaltzeko eta honek ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen aldetik dituan onurak ulertzeko diseinautako gunea da. Klima-aldaketearen eta jasangarritasunaren erronka globalaren aurrean ezagutza zientifikoa eta esperientzia buztartzen ditu. Gizartea eraldatzeko gune pedagogikoa da, umeen, gazteen eta familien parte-hartzea sustatzera bideratua.
Eusko Jaurlaritzeak igaz egin eban bat Europako Green Deal akordioagaz, Basque Green Deal edo Itun Berdea markapean. Horren bidez, ingurumena jagongo dogu, euskal ehun ekonomikoa babestuko eta, holan, gizarte-kohesinoa bermatuko dogu, azaldu dau Urkulluk. BBK Klima Abentura beste pausu bat da bide horretan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!