Amina Claudine Myers eta Mulatu Astatke sarituko ditu 57. Jazzaldiak

Bizkaie! 2022-06-23 08:16   Musikea

Garagarrilaren 20tik 25era, 84 kontzertu Donostiako 14 lekutan.

Jente ugari batu da aurtengo edizinoaren aurkezpenean (argazkia: Donostiako Jazzaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jazzaren zaleentzako ezinbesteko hitzordua da Donostiako Jazzaldia, goi mailako kontzertuei eta uriak eskaintzen dauen giroari esker. Baina, herritar zein bisitariei musikeaz gozetako aukerea emoteaz aparte, jazzaren munduan ekarpen baliotsuak egin dituen artistei autortzea egiteko be aprobetxetan dabe jaialdia. Aurtengo edizinoan, Amina Claudine Myers eta Mulatu Astatke sarituko ditue.

2022ko Donostia Jazzaldia Sariak emongo deutsez batak eta besteak egin daben ibilbide luze eta oparoagaitik, antolatzaileek jakitera emon dabenez.

Amina Claudine Myers (Arkansas, AEB, 1942) pianista, organista, bokalista, konpositore, aktore eta hezitzaileak hamarkadak daroaz musikearen arloan. Hamaika disko kaleratu ditu bere izenean, kolaborazino ugari egiteaz gan. Bestetik, antzerkiko konposizinoak sortu ditu, koruak eta orkestrak zuzendu eta irakaskuntzan jardun dau. Besteak beste, kolaborazinoak egin ditu Archie Shepp, Charlie Haden’s Liberation Orchestra, James Blood Ulmer, Lester Bowie, Bob Stewart, Joey Baron, Von Freeman, Anthony Braxton, Henry Threadgill, Frank Lowe eta Rahsaan Roland Kirkegaz.

Mulatu Astatke 1943an jaio zan Etiopian. Londresko Trinity College of Music-en eta Bostongo Berkleeko musika-eskolan jaso eban prestakuntzea. 1969an bueltau zan Adis Abebara, jazza, musika latinoa eta musika etiopiar tradizionala buztartuta estilo barri bat sortzeko asmoz, Ethio-jazza. Konpositore, moldatzaile, bibrafonista, perkusionista, irakasle, zuzendari… izan da Astatke.

Bestetik, saridunen barri emoteaz gan, 57. Jazzaldiaren inguruko hainbat argibide azaldu ditue. Garagarrilaren 20tik 25era egingo dabe Donostiako jazz jaialdi ezaguna, eta 84 kontzertuko egitaraua atondu dabe. Uriko hamalau lekutan ipiniko ditue agertokiak, besteak beste, Trinitate Plazan, Zurriola hondartzan, Kursaal Auditorioan, Victoria Eugenian, San Telmo Museoan, eta Tabakaleran.

Dobako 54 kontzertu egongo dira, horreen artean bertoko taldeenak, Txikijazz eta JazzEñe programetakoak eta 4 Katapulta zirkuitukoak. Ganera, Jazzaldiak eta Euskadiko Filmategiak antolatzen daben Jazzinema zikloaren seigarren edizinoa egingo da aurten, sekula baino proiekzino eta egoitza gehiagogaz.

Apustu barritzailea be egin dau Jazzaldiak, izan be, orain boladan dagoan NFT formatuan plazaratu ditu kartel ofizialaren 57 kopia, edizino mugatuan. Bildumagile eta interesdunei doban emongo deutsez. Ane Pikazak diseinau dau Jazzaldiaren besarkada izeneko kartela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu