Martxan da Getxoko I. Gaztekomik lehiaketea

Bizkaie! 2022-06-22 10:19   Kulturea

DBHko ikasleen artean sormena bultzatzea da helburua.

Getxoko Kultur Etxeak Gaztekomik sariketea antolatu dau lehenengoz, kulturea eta arteak sustatzeko asmoz. DBHko ikasleentzako komiki lehiaketea da, gazteen sormena biztu eta komikigintzara hurreratu daitezan. Izena emoteko epea irailaren 23ra arte egongo da zabalik.

Parte-hartzaileek istorio grafiko bat egin beharko dabe artista ezagun baten binetetan oinarrituta. Lehenengo edizino honetarako, Paco Rocak (Arrugas eta Los surcos del azar lan ezagunen egilea da) Algortako Portu Zaharrean girotutako bineta bat marraztu dau.

Modalidade bi ditu Gaztekomik-ek: lehenengoa Getxoko ikastetxeetako ikasleentzat da; bigarrenean, librean, Bizkaiko ganerako ikastetxeetako gazteek hartu leikie parte. DBHko 3. eta 4. mailetakoen lanak onartuko ditue. Modalidade batean zein bestean, parte-hartzaileek gehienez orrialde biko komikiak aurkeztu beharko ditue, eta orrialde bakotxak gehienez zortzi bineta izango ditu.

Sari banaketea urriaren 1ean egingo dabe, Getxoko Komiki Azokako ekitaldien barruan. Modalidade bakotxeko irabazleek tablet bat jasoko dabe. Era berean, bialdutako lan guztiak Algortako azokako erakusketa espazioan ikusi ahal izango dira, irailaren 30etik urriaren 8ra.

Oinarriak hemen (PDF).

Beste alde batetik, gazteen artean sormena eta komikien inguruko zaletasuna zabaltzeko jardueren barruan, Higinia Garay ilustratzaileak masterclass erako saioa emongo dau Romo Kultur Etxean, irailaren 16an. Doban da, baina aurretik izena emon behar da 94 466 00 22 zenbakira deituta.

Paco Rocak lehiaketarako egindako binetea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu