VIII. Bizkaidatz Txikiak baditu irabazleak

Bizkaie! 2022-06-21 11:17   Kulturea

Bizkaiko hainbat ikastetxetako 75 gaztek hartu dabe parte.

Aurtengo sarituak (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ume eta gazteen artean irakurteko zaletasuna eta idazteko sormena biztuteko asmoz, urtero egiten dau Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaidatz Txikia lehiaketea. Aurtengoa zortzigarren edizinoa izan da, eta Bilbon egindako ekitaldi batean emon deutsez sariak irabazleei, Bizkaiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok gidatutako saioan.

Lehiaketako parte-hartzaileek jarraipena idatzi behar izan deutse idazle ezagunek hasitako istorioei. Euskerazko modalidadean, Idoia Barrondoren Abrakadabra izan da amaitu beharreko kontakizuna; gaztelaniazkoan, Andoni Abenójarren El parque Mowg.

Ikasketak Bilbon, Santurtzin, Igorren, Ondarroan edo Lekeition egiten dabizan 75 gaztek hartu dabe parte aurtengo edizinoan. Irabazleak aukeratzeko, Idoia Barrondo Etxebeste, Marta Goikoetxea Nagore eta Juan Ramon Madariaga Abaitua egon dira euskerazko epaimahaian; gaztelaniazkoan, Andoni Abenójar Martínez de Eulate, David Tijero Osorio eta Begoña Elorrieta Puente.

Modalidade bakotxean lau kategoriatan emon ditue sariak, edadearen araberakoak. Ondarroako Zaldupe Eskola Publikoko Jone Urangak, Lekeitioko Iturriotz Ikastetxeko Nadir Barainkak eta Bilboko Begoñazpi Ikastolako Irene Gomezek irabazi dabe euskerazkoan. Gaztelaniazkoan, Santurtziko Santa Eulalia Ikastetxea-Patronatuko Gontzal Díazek, Bilboko Berrio-Otxoa Ikastetxeko Sandra Rodriguezek eta Igorreko Arratia Institutuko Joanes Aratz Zabalak.

Bizkaiko Foru Aldundia 2015ean hasi zan Bizkaidatz Txikia antolatzen, ikastetxeen laguntzinoagaz, ume eta gazteen artean irakurzaletasuna eta sormena bultzatzeko. Helduentzat egiten dan Bizkaidatz Sariketearen parekoa da, baina gazteagoentzat egokitua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu