Euskal sormenaren barri emoten dabiz Malagan
2022-06-21 09:57 KultureaErreferentziazko zazpi eragile joan dira nazinoarteko topaketara.
Euskal kulturearen eta sormenaren industria bultzatzeko asmoz, CM Malaga Nazinoarteko Foroan parte hartzen dabil asteon Basque District of Culture and Creativity (BDCC). Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailek modu bateratuan koordinetan daben proiektua da BDCC.
Museo eta Kultura Erakundeen Nazinoarteko Sinposioaren bigarren edizinoa da Malagakoa, eta mundu osoko mila profesional eta 800 erakunde batuko dira, gitxi gorabehera. Horregaitik, Jaurlaritzeak azaldu dauenez, sinergiak sortzeko eta negozio-aukera barriak topetako aukerea da, eta baita euskal kulturea eta sormen industria ezagutzera emotekoa be.
Diseinuaren, artearen, musika jaialdien, ikus-entzunezko produkzinoaren eta komunikazinoaren alorretan indartsuak diran zazpi enpresa eta erakunde joan dira Malagara BDCCgaz batera. Ganera, berbaldiak emongo ditue Leire Ruiz de Asua BDCCko arduradunak eta Ander López Basque Culinary Center-eko ekintzailetza arduradunak.
Honeek dira zazpi enpresak:
- Donosti Frame: ikus-entzunezko zerbitzuetan, 3D infografian eta bideo-marketinean dabilen enpresea da, 20 urtetik gorako esperientziaduna. Bideo korporatibo eta industrialak, spotak, alkarrizketak, publizidade-erreportajeak, mikroespazioak, produktuen bideoak, bideo tutorialak, dokumentalak, konferentziak eta streaminga lantzen ditu.
- Elektrart: diziplina anitzeko artisten estudio sortzaile eta kolektiboa, kultura erakundeei laguntzen deutsena teknologia barriakaz eta mundu birtualagaz lotutako errealidade barrietara egokitzen. Arte digitaleko instalazino immertsiboak diseinetan ditu, eta baita ikus-entzunezko proiektuak eta proiektu artistikoak be, ondarearen balioa nabarmentzeko zein turismo kulturala bultzatzeko.
- Jakartza: NIREStream eskaintzen dau, hau da, interneten dagoan plataforma bat, enpresen eta instituzinoen komunikazioa errazteko balio erantsidun ikus-entzunezkoen bitartez. Bezeroen ikus-entzunezko edukia babesten dau, zuzeneko sarrera ekonomikoak ekarriz, informazinoaren kudeaketea erraztuz eta erabagiak hartzera zuzendutako datu estatistikoak eskainiz.
- Last Tour: Eragile kultural eta sortzailea, esperientzia musikalak sortu eta ekoizten ditu, beti bide barrien bila. Eurek dinoe gauza sinestezinenak jazoten dirala abangoardiako teknologia esperientzia musikal parebakoakaz buztartzen danean.
- We Are Clickers: euskal startup hau machine learning bidezko urtenbideen diseinu, garapen eta inplementazinoan dabil, marketin alorrean.Adimen artifizialaren ahalmenaren bitartez, proiektu digital efizienteagoak sortzen ditu.
- Virtualware: 2004an sortua, teknologia immersiboetan oinarritutako urtenbideak eskaintzen deutsez hainbat sektoretako enpresei, tartean enpresa poteretsuei. Bere ekimen nagusia VIROO da, errealidade birtualeko plataformea.
- Basque Culinary Center: prestakuntzea, barrikuntzea, ikerketea eta ekintzailetzea buztartzen ditu, gastronomia ardatz dala. Erakunde aitzindari honetan Gastronomia Zientzien Fakultadea eta Gastronomiako Teknologia Zentroa dagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!