Baliabide gehiago eskatu ditue Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Egunean

Bizkaie! 2022-06-21 09:27   Pil-pilean

Osasungintzako profesionalei omenaldia egingo deutse Bilboko Basurtuko Ospitalean.

Aldarrikapena San Mamesen (argazkia: Athletic Club) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bagilaren 21a da Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Munduko Eguna, eta gaixotasun hori daben gaixoek, hareen senideek eta osasungintzako profesionalek aldarrikapenerako erabiliko dabe. Ikusgaitasuna eta baliabide gehiago eskatzen ditue, gaixotasun horri aurre egitea ez dalako erraza, eguneroko bizimodua baldintzatzen dau goitik behera.

Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (AEA, edo gaztelaniaz ELA) endekapenezko gaixotasuna da, ezin da osatu. Gaixoek gero eta ezintasun handiagoa izaten dabenez, ingurukoen laguntzinoa eta azpiegitura egokia behar-beharrezkoak ditue. Horregaitik, kontzientzia zabaltzen dabiz hainbat alkarte Euskal Herrian, esate baterako, ADELA.

Osasun arloko beharginek AEA daben gaixoei emoten deutsen laguntzino bikaina eskertzeko, omenaldia atondu dau ADELAk gaur, martitzena, Bilboko Basurtu Ospitalean. Bagilaren 21a, AEAren Eguna ez eze, Musikearen Eguna be badanez, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren doinuez alaituko dabe ekitaldia.

Osasungintzako profesionalei egingo deutsen omenaldian parte hartzeko deia zabaldu dabe gizartean ADELAk, Osakidetzak eta BOSek. Ekitaldia 11:30etatik 12:30etara bitartean izango da, gitxi gorabehera.

Bestetik, eraikin ezagunak berde kolorez argiztatuko ditue. Bilbon, San Mames futbol zelaian ipini dabe hitzordua, 21:40ean, orduantxe argi berdea izango dauelako, eta talde-argazkia egingo dabe. Gasteizen, Andra Maria Zuriaren plazan batuko dira, 21:00etan.

Gipuzkoan be, eraikin ospetsu asko berde kolorez ikusiko doguz, AEAren Egunaren kontura. Era horretara, gizarte guztiari azaldu nahi deutsez euren aldarrikapenak. Argiztatutako eraikinen alboan argazkia egin eta sareetan zabaltzeko deia egin deutse ADELAk herritarrei. Donostia, Irun, Hondarribia, Tolosa, Zarautz eta Eibarren egingo dabe ekimena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu