Deabru Beltzak, Guggenheim Museoaren 25. urteurrenean

Bizkaie! 2022-06-21 08:49   Kulturea

Symfeuny ikuskizuna bagilaren 24an ikusi ahal izango da.

Bilboko Guggenheim Museoak goi mailako artisten ondoan ospatu nahi dau 25. urteurrena. Asteon, Deabru Beltzak taldea konbidau dabe ekitaldietara, kaleko ikuskizunak eta sua buztartzen dituan konpainia bizkaitarra. Symfeuny ikuskizuna emongo dau talde horrek barikuan, hilak 24, museoaren aurreko zabalgunean.

Perkusinoaren, suaren, koreografiaren eta jantzien bidez, ikusleakaz alkartzea eta alkarreragina bilatzea dira Deabru Beltzaken asmoak Symfeuny izeneko obra ikusgarri horretan. Kale Ikuskizun Onenaren Max Saria irabazi eban 2021ean.

Urteurrena nahi daben bilbotar guztiakaz konpartiduteko asmoz, barikuko ikuskizunera sartzea doban da. 22:00etan hasiko da.

Ganera, gaur, martitzena, Deabru Beltzak konpainiaren sormen-prozesua azalduko dau Garbitxuk, taldeko kideetako batek, museoko entzungelan egingo dauen berbaldian. 18:00etan hasiko da eta euskeraz zein gaztelaniaz egingo dau berba hizlariak. Jarduera hau be doban da.

Udako ordutegia

Beste alde batetik, Bilboko Guggenheim Museoak udako ordutegia jarri dau martxan asteon, irailaren 18ra arte. Hortaz, museoa zabalik egongo da asteko egun guzti-guztietan, 10:00etatik 20:00etara. Pandemia aurreko ordutegia da hori.

Aurtengo udan, besteak beste, Motion. Autos, Art, Architecture erakusketa entzutetsua ikusi leiteke Guggenheimen, baita Jean Dubuffeten obreari eskainitakoa eta Serra eta Seuraten marrazkiena be. Guggenheim Bilbao Museoaren maisulanen erakusketea be zabalik egongo da hurrengo asteetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu