BBKateak, Arte Eder Museoko artista handiak aurrez aurre

Bizkaie! 2022-06-17 13:43   Kulturea

Eraikin zaharra barriro zabalik dagoala ospatuko dabe ekimen honegaz.

Zaharbarritze eta handitze prozesuan bete-betean sartuta dagoanez, zarratuta egon da Bilboko Arte Eder Museoa asteotan, baina eraikin zaharraren parte bat barriro dago erabilgarri, behin hango konponketak amaituta. Hori ospatzeko, BBKateak izeneko ekimena ipiniko dabe martxan bagilaren 21ean, eraikin zaharreko 21 aretotan.

Museoaren bildumako artistarik esanguratsuenen obrak erakusteko modu barria dakar erakusketeak, izan be, areto bakotxean artista bi aurrez aurre ipiniko ditue, alkarren arteko topaketea balitz lez. Kasu batzuetan, sasoiz, jatorriz edo estiloz urrun-urrun dagoz bikoteak; hori dala eta, museoan lehendik egon diran obren bidez narratiba artistiko barriak sortzea da asmoa.

2018an Kirmen Uribek ABC Museoaren Alfabetoa erakusketea diseinau ebanean be, bilduma iraunkorreko obren arteko lotura barriak egitea zan helburua. Orduko haretan, gaiaren arabera lotu zituen artista ugari. Oraingo honetan, egileak eurak izango dira proposamenaren haria, izan be, areto bakotxean dagozan artista bikoteen biografia eta obra ederrak topauko ditue bisitariek.

BBKateak izenak dinoan lez, katearen modura mobiduko dan ekimena da hau. Horrek esan nahi dau lantzean behin erakusketako artistak, obrak edo narratibak aldatuko dituela. Era horretara, museoko bildumako artista askok izango dabe lekua, txandaka.

Museoaren zati asko obrakaitik zarratuta dagozan momentu hau aproposa begitandi jake Arte Eder Museoko arduradunei era honetako ekimen bat martxan jarteko: Erakusketa antologiko bat egiteko idearen aurrean, sasoi bereziotan, museoaren artera hurreratzeko beste modu bat dakargu. Eraikin zaharreko areto klasikoek espazioan sortzen daben sareak etenik bako topaketa-sekuentzia aurkezten deusku.

Aurreikuspenen arabera, uda ostean aldatuko ditue artista bikoteak. Lehenengo txanda honetan, besteak beste honako pareak ikusi geinkez aretorik areto joanda: Albrecht Dürer-Eduardo Chillida, Anton van Dick-Jose Luis Zumeta, María Blanchard-Pablo Palazuelo, Grekoa-Ignacio Zuloaga, Jorge Oteiza-Itziar Okariz eta Sofonisba Anguissola-Miren Arenzana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu