'Arte pop' da 2022ko Aste Nagusiko kartela
2022-06-17 12:28 KultureaMaximiliano Cosattik diseinau dau.
Bilboko Udalak herritarrei aurkeztutako sei finalisten artean, Maximiliano Cosattik egindako Arte pop izan da boto gehien jaso dauena eta, beraz, berau izango da 2022ko Aste Nagusia iragarriko dauen kartela. Herritarrak eta bisitariak Bilboko Aste Nagusiaz gozau eta parte hartzera konbidau gura ditu kartelak, Itziar Urtasun zinegotziak azaldu dauenez.
Boto guztien % 31,81 izan dira Cosattiren diseinuarentzat, eta sei finalista egon dirala kontuan hartuta, hori ez da txikikeria, esan dau Urtasunek. Herritarren botoakaz batera, epaimahai espezializadu batek be eretxia emon dau Aste Nagusiko kartela aukeratzeko prozesuan. Sei finalistak aukeratu ditu epaimahaiak, eta azken erabagian % 33ko pisua izan dau adituen eretxiak (herritarren botoek, beraz, % 66).
Sekula baino parte-hartzaile gehiagok bialdu ditue euren proposamenak lehiaketara, 338 kartel egon dira lehian. Gehienak Bizkaiko jenteak bialdutakoak izan dira, baina beste euskal lurralde batzuetakoen eta urrunagokoen diseinuak be ez dira falta izan, esate baterako, Argentina, Peru eta Bielorrusiakoak. Cosatti irabazlea Nafarroan bizi dan argentinarra da. Estilo artistiko askotako eta kalidade handiko obrak aztertu doguz, ez da erraza izan, nabarmendu dau Itziar Urtasunek.
Honenbestez, 2022ko Aste Nagusirako atzerako kontaketan beste pausu bat egin dabe Bilbon. Dagoeneko badabe kartela eta, Urtasunek aurreratu dauenez, egitarau bikaina atontzeko ahaleginean dabiz. Jo eta ke jarraituko dogu lanean, antolatu doguzan dobako jarduera guztiak zehazteko, gure kaleak alaitasunez eta kolorez bete gura doguz. Abuztuaren 20tik 29ra izango dira Bilboko jaiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!