Laudioko Antzokia egiteko finantziazinoa sendotu dabe erakundeek
2022-06-17 10:04 KultureaAurreikuspenen arabera, obrak aurten bertan hasiko dira.
Laudioko herriarentzat eta Aiaraldeko eskualde osoarentzat proiektu estrategikoa da Antzokia, alor kulturalean baina baita ekonomikoan eta sozialean be. Behin asmo nagusiak zehaztuta eta obrea egiteko epeak aurreikusita, finantziazinoa izan da Laudioko Udalaren ardura nagusietako bat, baina, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen babesari esker, horretan be aurrerapauso nabarmena egon da.
Martian, Jaurlaritzeak 1,5 miloe euro agindu zituan Laudioko Antzokia finantzietako: miloe bat Arabako Foru Aldundiak ipinita eta Jaurlaritzeak beste 500.000. Orain, Foru Aldundiak beste miloe bat ipiniko dau. Hortaz, 2,5 miloe horreekaz, gitxi gorabehera diru guztiaren erdia ziurtatuta dauka Udalak Foru Aldundiaren eta Jaurlaritzearen bidez.
Arabako Foru Aldundia nabarmen inplikau da Laudiori eta Aiaralde osoari zerbitzua emongo deutsan azpiegitura horren eraikuntzan, adierazo dau Ramiro González diputadu nagusiak. Biztanleei jagokenez, Arabako bigarren udalerria da Laudio, eta halako azpiegiturak izan behar dituala uste dau diputaduak.
Eusko Jaurlaritzearen partetik, Aiaraldeko Lehentasunezko Jarduketa-eremuan sartu dituan 33 proiektuetako bat da Antzokia, eta hiru helburu nagusi ditu: batetik, sormena eta sorkuntzea bultzatzea; bigarrenik, gizarte eta kultura egiturea sustatzea; eta, hirugarrenik, udalerrian eta Araba osoan erreferentea izatea. Bingen Zupiria Kultura sailburua Laudion egon da horren guztiaren barri emoten.
Laudioko alkate Ander Añibarroren esanetan, erakundeen arteko lankidetzearen adibide garbia da, eta lanean jarraituko dogu beste finantzaketa-iturri batzuk erakarteko, Europakoak batez be. Beste erakunde publiko batzuen inplikazinoari esker, Laudioko Udalak diru gehiago izango dau eskura herriak dituan beharrizan guztiei erantzuteko.
Añibarrok aurreratu dauenez, aurten bertan hasiko dira Antzokia eregiteko obrak eta urte bi ingurukoak izango dira. Beraz, inaugurazinoa 2024aren amaiera aldean egitea da asmoa. Oso albiste ona da iragarri ahal izatea, hogei urte baino gehiago pasau ondoren, edozein bizilagunek proiektu hau, orain bai, gauzatu egingo dala ikusi ahal izango dauela.
Marka edo izen zehatzagoa ipintea pentsetan dabiz, Antzokia kontzeptua txikiegi geratzen dalakoan. Antzoki hutsa izateko baino gehiagorako dago pentsauta, Laudiorako gune estrategiko izateko, kulturearen, enpresen, gizarte eragileen eta erakundeen zerbitzura, azaldu dau alkateak. LEKU da esku artean darabilen izenetako bat (hau da, Laudio Ekintza eta Kultur Unea).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!