Joan Mari Torrealdai Bekea emongo dabe lehenengoz

Bizkaie! 2022-06-17 09:24   Kulturea

Euskerea eta kulturea gaurko eta biharko gizartean da gaia.

Deialdiaren barri emoteko agerraldia (argazkia: Usurbilgo Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazinoak gogoan hartu dabe 2020an hildako Joan Mari Torrealdai kulturgile, idazle eta euskalaria, eta haren izena emon deutse beka barri bati. Urte birik behin egingo dituen deialdien helburua kultur ikerketak eta egitasmoak sustatzea izango da, Torrealdaik berak landu zituan gaietan arretea jarrita.

Udaleko eta Jakineko ordezkari nagusiek Usurbilen aurkeztu dabe aurtengo deialdia, lehenengoa. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Agurtzane Solaberrieta alkatea eta Lorea Agirre fundazinoko zuzendaria. Torrealdairen senideek be hartu dabe parte agerraldian.

Joan Mari Torrealdaik bizitza osoa pasau eban euskerearen eta euskal kulturearen inguruko gaiak batu, aztertu eta zabaltzen. Aurkezpenean azaldu dabenez, beste batzuek zeregin horreei jarraipena emotea nahi dabe, eta bekea bide aproposa izan leiteke. Haria ez dadila eten, Solaberrietaren arabera.

Lehenengo deialdian hautagaiek landu beharreko gaia Euskerea eta kulturea gaurko eta biharko gizartean da. Formatu jakin bati lehentasuna emon beharrean, askotariko proposamenak onartuko ditue: liburuak, ikus-entzunezkoak, webguneak, erakusketak... Irabazleari proiektua gauzatzeko 14.000 euro emongo deutsez.

Proposamenak banaka zein taldeka aurkeztu ahal izango dira eta urriaren 24ra artekoa da epea. Irakurri Joan Mari Torrealdai Bekearen oinarriak hemen.

Merezidu eban, merezidu ebanez, eta merezidu dau Joan Mari Torrealdaik ikerketa beka hau, adierazo dau Lorea Agirrek. Beste edozelako omenaldik edo kale bataiatzek baino zentzun handiagoa dau, ze bere obsesinoa izan zan transmisinoa, katea ez etetea eta ikerketa eta pentsamendu bat eratu eta herri baten etorkizunaren zerbitzura jartea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu