Euskal artistek egonaldia egin ahal izango dabe New Yorken

Bizkaie! 2022-06-17 08:47   Kulturea

Guggenheim Museoak zazpigarren aldiz jarri dau martxan programea.

New Yorkeko Guggenheim Museoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Guggenheim Museoak, New Yorkekoagaz lankidetzan, Basque Artist Program ekimenaren zazpigarren edizinoaren deialdia zabaldu dau. Euskal sortzaileek Ameriketan egonaldi artistikoak egin deiezen antolatzen dabe programea, batez be, euren ibilbidearen hasieran dagozanak gogoan.

Aurreko deialdietan bina artista joan dira New Yorkera, baina deialdi honetan bost plaza egongo dira. Interesa daben eta baldintzak beteten dituen sortzaileek garagarrilaren 18ra arteko epea dabe Guggenheim Museoan eskabidea egiteko. Baldintzak irakurri eta hautagaitzak aurkezteko bidea hemen.

Behin epea agortuta, museoko adituek hautagai guztien ezaugarriak eta materialak aztertuko ditue, egonaldian parte hartuko daben bostak aukeratzeko. Bakotxari 3.000 euro emongo deutsez, egonaldiko gastuak pagetan laguntzeko.

Artistek hurretik ezagutu ahal izango dabe New Yorkeko giro artistikoa, eta euren gaitasunak indartu eta helburuak finkatzeko modua izango dabe. New Yorkeko artisten, arte-arduradunen eta erakundeen jardunaren inguruan ikasiko dabe Solomon R. Guggenheim Museum-eko profesionalen eskutik. Aurtengo bost aukeratuakaz batera, 2020ko deialdiko irabazleak be joango dira, pandemiaren ondorioz ezin izan dabelako egonaldia orain arte egin.

Gaur arte, hamar artistak egin ditue egonaldiak New Yorken Basque Artist Program-en bidez. Karla Tobar, Alain Urrutia, Cristian Villavicencio, Diego Vivanco, Gala Knörr, Maite Pinto, Nora Aurrekoetxea, Helena Goñi, Raquel Asensi eta Jon Gorospe dira.

Bere 25. urteurrena dala eta, Bilboko Guggenheim Museoak ikusgai jarriko ditu orain arteko edizinoetan parte hartu daben hamar artisten obrak: pinturea, eskulturea, papel ganeko lanak, argazkia, bideoa, kokapen zehatzeko instalazinoa, performancea eta abar batuko ditue erakusketa berezi horretan, garagarrilaren 8tik irailaren 6ra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu