Ikasleen % 97,62k gainditu dabe Selektibidadea EAEn
2022-06-17 08:25 Pil-pileanPixka bat behera egin dau datuak igazkoaren aldean.
EHUk Unibersidadera Sartzeko Ebaluazinoaren (USE) emoitzen barri emon dau, hau da, Selektibidadea esaten jakon azterketa moltsoa zenbatek gainditu daben Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Urtero ohikoa izaten dan lez, hautagai gehien-gehienek gainditu dabe probea, zehatz esanda, % 97,62k. Igaz pixka bat altuagoa izan zan datua (% 98,35).
Bizkaia batez bestekotik behera ibili da 2022ko Ohiko Deialdi honetan. Arabako eta Gipuzkoako campusetan USE egin dabenen artean, % 98 pasautxuk gainditu dabe, baina Bizkaiko % 97,14ak behera eragin deutso erkidegoko batez bestekoari. Ereduei jagokenez, euskeraz egin dabenen % 98k gainditu dabe, eta gaztelaniazkoen % 95ek.
Bagilaren lehenengo hamabostaldian izan ziran azterketak EAEn, eta kontuan izan behar da datuok behin behinekoak dirala oraindino. Berrikusketa, erreklamazino eta ganerakoak ebazten diranean, behin betiko datua pixka bat aldatu leiteke.
USEk fase bi ditu: sarbide fasea, unibersidadeko gradu ofizialak ikasi ahal izateko gainditu behar dana; eta onarpen fasea, borondatezkoa, lehenengo faseko kalifikazinoa hobetzeko balio dauena. Horreetaz aparte, onarpen faseko irakasgai batzuen azterketak egiteko izena emon eben Goi Mailako Heziketa Zikloetako 585 ikaslek.
Emoitzak ikastetxeetara bialdu ditu EHUk eta ikasle bakotxak internetez be begiratu leike zein dan bere kalifikazinoa (hemen). Berrikusketak eskatu ahal izango dira bagilaren 17an, 20an eta 21ean.
Honako hau Ohiko Deialdia izan da. Ezohikoa garagarrilaren 6, 7 eta 8an izango da eta bagilaren 23an hasiko da deialdi horretako matrikulazinoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!