Liburu bi aurkeztu ditue Bilbon
2022-06-16 13:41 KultureaUPV/EHUko Laida ikerketa taldearen euskal literaturearen inguruko liburu bi dira.
Jon Kortazar, UPV/EHUko Euskal Literaturako katedradunak, Egungo Euskal Literaturaren Historia bildumaren zuzendariak eta Xabier Irujok, Nevada-ko Unibersidadeko Euskal Ikasketen Zuzendariak, Contemporary Basque Literatureren bigarren argitalpen barria azaldu dabe.
Bestalde, Laida ikerketa taldearen babesari esker eta Jon Kortazaren gidaritzapean De la periferia al centro: nuevas escritoras vascas liburua erakutsi deuskue, euskal literaturako emakume idazleek jentaurren izaten daben erantzun bikaina ulertzeko argitaratutakoa.
Contemporary Basque Literature liburuaren bigarren argitalpen barri honetan, hobekuntzak sartu dira eta, besteak beste, berbaurre barri bi datoz: Xabier Irujo adituak egin dau lehenengoa eta Espainiako Real Academia de la Lengua-ko Zuzendaria izan zan Darío Villanueva Katedradunak bigarrena.
Jon Kortazar katedradunak zuzendu eta UPV/EHUn argitaraturiko liburuan, 1975tik 2013ra Euskal Literatura Sistemearen dimensinoak aztertu ditu. Garrantzitsua da ingelesez Contemporary Basque Literature izenburupean, Renoko Unibersidadeko Basque Studies Center-en eskutik egitea itzulpena Cameron Watson-eskutik. Liburura batu dira sei genero klasikoei buruzko analisiak: nobelea, poesia, ume eta gazte literaturea, ipuina, saiakerea eta antzerkia.
UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratutako obreak euskal literaturea aztertzen du, 1975etik gaur egunera arte. Liburuki bakotxa literatura genero bati eskaini deutse. Jon Kortazarrek zuzentzen dauen Laida taldeak ekin eutson ekimen honi 2007an eta hamar urte aurrerago amaitutzat emon eban.
1975-2010 aldiko euskal literaturearen historia egin nahi izan da, genero literarioak konutan hartuz: Egungo euskal literaturearen historia honek gure garaiko euskal literatureak emon dauen guztiaren historia dinamikoa eta gaurkotua egin nahi izan dau, dino Jon Kortazarrek.
Bestetik, De la periferia al centro: nuevas escritoras vascas liburu barrian Veneziako Unibersidadeak aukerea emon dau euskal literaturako emakume idazleen erantzun bikaina ulertzeko. 2018-2020 urte bitartean Euskal Literatura Sisteman deigarria da Irati Elorrietak, Maixa Zugastik eta Katixa Agirrek parte hartzea, baita Eider Rodriguezek eta Karmele Jaiok be ekitea narratibearen arloan eta maila soziologikoan. Hitzaurrean berak dinoanez, faktore garrantzitsu bi dagoz oraingo emakumeen literaturearen erantzun bikaina ulertzeko, bata Euskadi Literatura Saria irabaztearen faktorea eta bestea liburu horreek gaztelaniaz itzulita egotea. Sarien bultzadeak eta denpora-tarte txikian saritutako lanen itzulpenak eskuartean izateak, lagundu egin dau euskal literaturearen argitaletxeen merkatuan emakumeen liburuen salmentak gorantz egiteko.
Ikerketa-taldea
Egungo Euskal Literaturearen Historia literaturearen alorrean dabilen ikerketa-talde baten ondorioa da.
Ikertzaile talde handi bat, erabarritzen joan dena. Jon Kortazarren zuzendaritzapean dabiz: UPV/EHU unibersidadeko irakasleak diran Xabier Etxaniz, Asier Barandiaran, Miren Gabantxo-Uriagereka, Karla Fernandez de Gamboa, Maria del Mar Boíllos, Amelia Benito del Valle eta Paloma Rodriguez; Unibersidadekoirakaskuntzan lehen pausoak emoten dabizen Aiora Sampedro, Paulo Kortazar, Jon Martin; Artean adituak, Susana Jodrá, Iratxe Larrea,José Antonio Morlesín; tesia bidean dauen ikerlaria, Itxaro González Guridi. Ikerketa-proiektu hau aurrera eroaten lagundu dabe: UPV/EHUk, Kutxa Fundazinoak eta Eusko Jaurlaritzeak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!