Euskerazko kulturearen transmisinoaren alde agertu dira eragile ugari
2022-06-16 12:44 KultureaHezkuntza Lege barrian gaia kontuan hartzeko eskatu dabe Donostian.
Euskerazko kulturgintzearen alorrean dabizan alkarte ugarik agerraldia egin dabe Donostian, EAEko Hezkuntza Lege barriaren edukietan kontuan hartu daiten kulturearen transmisinoa eta helburu hori beteteko bitartekoak. Euskerearen eta kulturgintzearen normalizazinorako estrategikoa da hezkuntza arautuan be transmisinoa bermatzea, agerraldian azpimarratu dabenez.
Donostiako alkarretaratzera ordezkariak bialdu ditue, beste askoren artean, Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak, EIZIEk, Jakinek, Xabiroik, Idazleen Alkarteak, Galtzagorrik, EHAZEk, Dantzanek eta Topaguneak. Aretoak eta enpresak be egon dira, esate baterako, Faktoria, Elkar eta Ahotsenea.
Bertan ohartarazo dabenez, kulturgintzea eta sormena zabaltzeko bideak aldatu egin dira azken urteotan, eta horri adi egotea ezinbestekoa da. Hezkuntza arautuan pedagogiak barriztau diranez eta kultur sorkuntzearen berariazko irakaskuntzea murriztu danez, beharrezkoa da legea egokitzea.
Aldaketa horreen eraginez, transmisinoan etena dagoala eta gaur egun hezkuntza arautuak ez dauela euskerazko kulturgintzearen transmisinoa bermatzen salatu dabe. Hortaz, EAEn Hezkuntza Lege barria egiteko bidean dagozala aprobetxau eta gaia lehen lerrora ekartearen alde egin dabe Donostian batutakoek.
Eskari edo aldarrikapen bitan laburtu dabe Hezkuntza Lege barriaren inguruko eretxia: lege barriak euskerazko kulturgintzearen transmisinoa bermatu behar dauela; eta kulturgintzearen ekosistemako eragileek hartu beharreko neurrien proposamen, eztabaida eta adostasun prozesuan parte hartu nahi dabela.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!