Eibarko Udalak eta Euskaltzaindiak gogora ekarriko dabe Juan San Martin
2022-06-16 11:16 KultureaSan Martinen jaiotzearen mendeurrenean (1922-2022).
Juan San Martin euskaltzainaren jaiotzearen mendeurrenea, Eibarko Udalak gorazarre egin nahi izan deutso herriko seme kuttunetako bati. Horretarako, Euskaltzaindiari eskatu eutson ohiko Osoko Bilkurea Eibarren egin eiala, bagilean, hizkuntzearen aldeko etenik bako beharrean ibili baitzan eibartarra akademiaren magalean, euskereak haizea alde ez eban urterik gatxenetan.
Euskaltzaindiak urgazle izentau eban 1958an eta 1964an euskaltzain oso. Euskaltzaindiko idazkaria izan zan 1967-1978 aldian eta 1988. urtean euskaltzainburuorde. Arantzazuko 1968ko bileran, euskera batuaren alde egin eban sendo eta hilebete batzuk lehenago, haren ekimenez, idazle talde batek Ermuko Zina izeneko dokumentua izenpetu eban, hizkuntzearen batasuna eskatzeaz gan, herri-berbakeren garrantziaz ohartarazoz: Euskerearen enborretik adarrak dira euskalkiak eta adarrak sano izango baditu, enbor sendoa eta osasuntsua behar dau. Euskera Batuaren sendotasunak hobeto gordeko ditu euskalkiak be.
Jaioterrian, San Martinek lan handia egin eban hainbat arlotan: Klub Deportiboan arrastoa itxi eban mendizaletasunean, espeleologian eta eskaladan; eta, Deportiboko Kultura saila sortzeaz gan, kirol-ekintzen osogarri, hango liburutegia suspertu eban, hainbat berbaldi, mahai-inguru eta erakusketa atonduz. Bera izan zan, Euskaltzaindiak atonduta, Eibarko Amaya antzokian 1962ko zemendiaren 11n egindako Gipuzkoako Bertso Txapelketearen finalaurrekoaren bihotza eta arimea, izan be, Lazkao Txikik irabazi eban Eibarko Udalaren kopea.
Ekintzaile eta sustatzaile nekagatxa
Eusko Legebiltzarrak 1989. urtean ararteko izentau eban eta Arartekoaren erakunde sortu barria osotu eta egituratu egin behar izan eban, ezerezetik ekinez, oinarriak eta helburuak finkatuz eta lana erruz eginez. Apaltasunez eta jakin-minez jardun eban karguan; independentziaz, askatasunaren eta justiziaren alde eginez. Egiteko gazi-gozo haretan, Arartekoaren historiarako geratu dira ziegei buruz edo psikiatrikoei buruz egindako txosten sendoak. 1994an, Europako arartekoen buru izentau eben zuten.
Eragile eta sustatzaile, haren ekimenari esker sortu ziran Euskal Idazleen Alkartea eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Alkartea; Egan aldizkaria eta beste hainbat asmo. Idazle eta artezale amorratua, hainbat argitalpenetan igarten da haren luma zorrotz eta gai askotarikoa.
Eibarren, 2022ko bagilaren 22an, Euskaltzaindia idazlearen sorterrian batuko da goizez eta eguerdiko 12:00etan, Agiriko Bilkuran, Luis Alberto Aranbarri Amatiño kazetaria eta ohorezko euskaltzaina eta Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoa izango dira hizlari, lehenengoak Sorlekutik sorlekura eta hurrenak Juan San Martinen gaztetako lanak: Zirikadak eta Eztenkadak berbagai hartuta. Ekitaldiari amaierea emoteko, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak Elizanbururen poemak abestuko ditu. Eta azkenik, euskaltzain eibartarraren izena daroan udal liburutegian ezarriko da urteurrenaren plakea.
Haizeak kontrara joten ebanean, herrigintzan eta zubigintzan ibili zan San Martin bizitza osoan. Orain, haizea alde datorrela emoten dauenean, komenidu da atzera begiratu eta gauzak kostata eroaten dirala aurrera: Juanitoren nortasun-ezaugarri nagusienetako bat gogorarazotea: Lorpenek beti dabe atzean beharra eta ahalegina.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!