Kulturgest programea sortu dabe Bilbon
2022-06-16 10:43 KultureaKulturgintzearen alorreko kudeaketan sakontzeko sortu dabe Kulturgest Bilbao programea, Udalaren eta EHUren Udako Ikastaroen arteko alkarlanerako hitzarmenaren bidez. Kultur kudeaketearen orainari eta etorkizunari buruz gogoetea egitea da asmoa, eta sektoreko aditu, profesional eta erakundeentzat aproposa izango da.
Hitzarmenean adostu dabenez, 2022an eta 2023an sei ikastaro egingo ditue, eta 2024an biltzarra. Besteak beste, artisten eta kudeaketearen erantzuleen arteko eztabaidearen bidez kulturgintzearen erronkak eta azpiegiturak aztertzea da asmoa, baita gaurko eta biharko publikoa eta bitartekoak be.
1999tik, EHUk antolatzen dauen udako jarduera akademikoaren egoitzetako bat da Bilbo. Besteak beste, Campos Eliseos Antzokian, Juan Crisóstomo Arriaga musika-konserbatorioan eta unibersidade publikoak urian dituan ikastegietan egin izan ditue Udako Ikastaroak. Bizkaia Aretoa inaugurau zanetik, hori da egoitza nagusia, baina beste espazio batzuk be erabilten ditue.
Aurten, EHUren 2022ko Udako Ikastaroetako jarduerak bagilaren 22tik 24ra egingo ditue Bilbon, Kulturgest programeari jagokozanak behinik behin. Lehenengo egunean, Kultur politikak hiriburuetan izenburupean, kultur kudeaketearen jasangarritasuna aztertuko dabe, haren alderdi inklusiboa, aniztasuna eta publikoa kontuan izanda.
Bigarren ikastaroa, Kultur kudeatzaileak, ondarea, komunikazioa eta teknologia berriak, kulturgintzearen munduko aldaketak aztertzeko izango da. Hau da, formatu teknologiko barrien zabalkundea; komunikazino politika eraginkor eta arrakastatsuak (adibidez, Prado Museoa eta Albaola Itsas Kultur Faktoria); eta, orokorrean, ondare galdu eta ezin ezagutzeko modukoaren zabalkundean sortu diren aukerak, errealidade birtualaren bidez.
Azkenik, Gure ondarea kudeatuz: eredu eta ikuspegi berriak izeneko ikastaroan, ondarearen kudeaketea landuko dabe, gaur egungo egoerea, ze eredu hasi diran agertzen eta etorkizuneko ze ikuspegi doguzan.
Kulturgest programatik kanpo, beste ikastaro ugari be egongo dira aurtengo udan Bilbon eta danetariko gaiak landuko ditue: historia, klimearen krisia, barrikuntzea eta inklusino soziala, osasun mentala, lehen arretearen egoerea eta etika espaziala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!