Melissa Aldana, Cyrille Aimée eta Ron Carter buru, badator 45. Getxo Jazz

Bizkaie! 2022-06-16 08:20   Musikea

Bagilaren 29tik garagarrilaren 3ra egingo dabe jaialdia.

Lorea Bilbao, Iñaki Saitua eta Amaia Agirre | Ikusi handiago | Argazki originala

Osasun krisia atzean itxita, barriro nazinoarteko artistak ekarriko ditue Getxo Jazzera, jaialdiaren aurkezpenean nabarmendu dabenez. Hori da 45. edizinoak dakarren nobedade nagusia, normaltasunera bueltea. Bagilaren 29tik garagarrilaren 3ra, euskal jazz jaialdien udako denporaldia hasiko dau Getxokoak, Gasteizkoaren eta Donostiakoaren aurrekari.

Zaleek ondo baino hobeto ezagutzen dituen atalak izango ditu aurtengo jaialdiak. Ordainpeko kontzertuen zerrenda dotoreari batuko jakoz Talde Lehiaketako finalisten kontzertuak, Hirugarren Milurtekoa zikloa eta familientzako emonaldi bereziak.

Iñaki Saituak, jaialdiaren arduradunak, azaldu dau jaialdia hiru ardatzetan oinarritzen dala: kalidadea, aniztasuna eta banda gazteen aldeko apustua. Emakumeek presentzia nabarmena izango dabe programazinoan. Guztira, 18 emonaldi izango dira hiru agertokitan, horreetatik 8 dobakoak. Getxo Jazzek jam sessions-ak be hartuko ditu, baita genero horri buruzko argazki-erakusketea be.

Saituagaz batera, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbao eta Getxoko alkate Amaia Agirre be izan dira 45. Getxo Jazzen aurkezpenean. Jaialdiak nazinoarteko jazzaren onena batzen dau, adierazo dau Bilbaok.

Kanpotik etorriko diran izarren zerrendea azpimarratu dabe danek. Melissa Aldana txiletarrak joko dau lehenengo kontzertua, gaztea dan arren maisu handiak izan dituan saxofoi joleak. Muxikebarrin da hitzordua, abonuko saio guztien moduan, eta laukote formatuan agertuko da Aldana.

Ondoren, beste izen handi batzuek hartuko dabe Muxikebarriko oholtzea. Cyrille Aimée, Fred Hersch, Ron Carter, eta azken egunean, Gonzalo Rubalcaba eta Aymée Nuviola kubatarrak datoz Getxora.

Gazteentzako dobako kontzertu berezia be badakar egitarauak, Ereagako hondartzan, garagarrilaren 2an. Amaia abeslari nafarrak Cuando no sé quién soy disko barriko kantuak aurkeztuko ditu. Algortako Geltokia plazan Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak egongo dira: Lucía Fumero pianista eta abeslaria, Sensei Plays Avishai proiektua eta Gaur, Latitude eta Sumrrá bandak batuko dira.

Irakurri egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu