Uriko banderea igon dabe, Bilboren 722. urteurrenean
2022-06-15 12:26 KultureaDomekan, Udal Korporazinoak ohiko desfilea eta lore-eskaintzea egingo dau.
Bilboren sorrerearen 722. urteurreneko ospakizunak aste osoan izango dira, izan be, barikuan eta zapatuan (hilak 17 eta 18), Gau Zuria atondu dabe eta domekan, Udal Korporazinoak ohiko desfilea eta lore-eskaintzea egingo dau Plaza Biribilean dagoan On Diego Lopez Harokoren estatuaren aurrean, herritarren parte-hartzeari edegitako erromeria bategaz amaitzeko.
Bilbok 722 urte bete ditu gaur eta ospatzeko, Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea eta Udal Korporazinoko gainerako kideak buru dirala, Uriko Banderearen igoerea egin da Ernesto Erkoreka Plazaren erdialdeko lorategietan, sinbolismoz betetako ekitaldi instituzional baten bitartez.
Ekitaldia goizeko 10:30ean egin da, 2003tik Ernesto Erkoreka Plazako lorategian kokatutako Beteluriko Zin-Jesarlekua izeneko XVIII. mendeko pieza eskultorikoaren ondoan.
Alkate soinua tarteko, Bilboko Udal Txistulari Bandeak harrera egin deutso karguaren domina bereizgarria agirian eroian Udal Korporazinoari. Ohorezko aurreskuaren ondoren, Aburto Alkateak igon dau Bilboko Bandera, 1845etik Uriko ikurtzat erabili eta 2016ko zemendian ikur ofiziala bihurtu zana.
Ekitaldiari amaierea emonez, Alkateak erramu-koroa jarri dau banderearen ondoan eta krabelin gorriak eta zuriak Udal Korporazinoaren gainerako kideek, Txistulari Bandeak “Ohorezko kontrapasa” eta “Txoria txori” joten zituan bitartean.
Lehen aldiz koronabirusaren pandemiak eragindako osasun-murrizketa barik egindako Uriko Banderearen igoerea da Bilboko Udalak egiten dituan ekitaldi instituzionalik nagusienetakoa. Orain bost urte, Joaquín Rucobak diseinautako egungo udaletxerako lekualdatzearen 125. urteurrena ospatu eben.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!