Irantzu Yaldebereren erakusketea zabaldu dabe Bilboko Rekalde Aretoan

Bizkaie! 2022-06-15 09:53   Kulturea

Barriek 2021 programako azkena da.

Bizkaiko Foru Aldundiak bertoko artisten lana bultzatzeko emoten dau urtero Barriek Bekea eta, ondoren, aukeratutako sortzaileek bakarkako erakusketak egiten ditue Bilboko Rekalde Aretoan. 2021eko deialdiari jagokon azken erakusketea da Irantzu Yaldebere bilbotarrarena, abuztuaren 28ra arte ikusi ahal izango da. Sartzea doban da.

Violets for your fur. Violetas para tu piel. O, más corto, Violets izenburua dau erakusketeak. Artisteak azken urteotan egin dituan lan batzuk batu ditu, egunero hartutako irudietan oinarrituak. Arretea erakarten deutsen personen eta elementuen argazkiak egiten ditu Yaldeberek, gorde nahi dituan gomuten, personen eta objektuen bilduma editadua.

Yaldeberek nabarmendu dauenez, egunero egiten dodan zeozeri publikoan erantzuteko erabagia hartu dot, argazkiak atera, eta ekitaldiaren edo jazoerearen erdigunean jarri. Douglas Sirken dramak, Iosuren azken berbak, Anohni If It Be Your Will abesten, Pierre Bonnarden Nu à contre-jour, Maiakovski-Lilia-Rodchenko, Ponpeiako freskoak, publizidadea, komunidadeko bizitzea, ahiztea, Ana Laura Alaezen nortasunen bilaketea… Erreferenteak danetarikoak dira: Gogoratzen, sentiduten, irakurten eta ikusten dodan guztia. Begiradea, funtsean, beste distantzia bat da.

Irantzu Yaldeberek (Bilbo, 1994) Bizkaiko uriburuan egiten dau lan, baina handik kanpora be ibilita dago, esate baterako, Tabakalerako tailerrean, Donostian, Jon Mikel Eubak eta Itziar Okarizek zuzenduta (2018). Bere obrea galeria eta zentro artistiko ugaritan ikusi ahal izan dogu: Okela Sormen Lantegian (2016), Bizkaiko Batzar Nagusietan (2018), Galeria Airen (2019), Ermuak# 6 aldizkarian eta Feministaldiaren Hiru fragmentu, hiru begirada (2020)  berbaldian esku hartu dau. 2022an Bartzelonako Eremuak-Halfhouse egoitzarako aukeratu dabe.

Barriek 2021 Bekea jaso eban artistetako bat da Yaldebere. Besteak dira Jenni Alvarado, Javier R. Pérez-Curiel, Urtzi Urkixo, Izaskun Araluzea eta Mikel Erkiaga.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu