Jon Pertikari eskultura bat eskaini deutse

Bizkaie! 2022-06-15 09:30   Kulturea

Euskal kulturearen ikertzaile eta Beti Jai Alai jantza taldearen sortzaileari.



Jon Pertikaren Omenez
eskulturea Sabino Arana etorbidean dago eta hari estalkia kentzeko ekitaldian, Juan Mari Aburto alkatea izan da buru. Jantzariari omenaldia egin jako, harek Bizkaiko hango eta hemengo jantzak aztertzeko helburuari eutsi eutsolako.

Basurtuko auzotarren eta merkatarien alkarteek egin eben proposamena, Beti Jai Alai taldeagaz batera.

Eskulturea brontzezkoa da, Amaia Gracia artisteak diseinau eban eta arku bat eta makila bat irudikatzen ditu. Elementu original bi horreen eskulturea egiteko erabilitako moldeak jantzariarenak ziran eta haren familiak itxi deutsoz artisteari.

Ekitaldian, Jon Pertikaren senideen eta lagunen eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziaren aurrean, alkateak Pertika nabarmendu eta harek Bilboko eta Euskal Herriko kulturari egindako ekarpena goraipatu dau: 2018ko zezeilaren 19a zoritxarreko eguna izan zan Bilborentzat eta euskal kulturarako. Hari zor deutsagu, besteak beste, alkateek Begoñan abuztuaren 15ean jantzan egiten daben aurreskua. Bilboko bazter honetan gordeko da betiko haren gomutea, haren lan handiaren gomutea.

Jon Pertika Bilbon jaio zan, 1937an. Haren bizitzea jantzeari lotuta igaro zan, umetatik. Haren aitak sortu eban Basurto auzoan Dindirri (Gerra Zibilaren ostean sortu zan lehena) eta Beti Alai taldeak. Hareetan hasi zan Jon pertika jantzari moduan, hamar urte baino ez zituala. 1968an, Pertikak Beti Jai Alai folklore-taldea sortu eban Euskal Herriko jantza, erritu eta ohituren inguruko ikerkuntzan, ikasketan, iraunarazotean eta zabalkundean jardun baitzan. Hasiera-hasieratik, Beti Jai Alai taldeak lotura estua izan dau Basurto auzoagaz.

Beti Jai Alai folklore taldea sortzeaz gan, Jon Pertika euskal kulturearen eta tradizinoen ikertzaile nabarmena izan da. Jon Pertikak Bizkaiko hango eta hemengo jantzak aztertzeko lana hartu eban, ondoren agertzeko eta berreskuratzeko.

Jon Pertika oso persona miretsia izan zan kulturearen eta euskal tradizinoen arloan, eten barik ibili baitzan lanean, Euskal Herriaren folklorea eta musikea ikertzen. 2018ko zezeilaren 19an hil zan, 80 urte zituala eta nahibage handia eragin eban kulturearen eta jantzen sektorean Basurto auzoan eta Bilboko uri osoan, nabarmendu dabe.

Euskal kulturearen aldeko ikerkuntzan egindako lana autortzeko Basurtoko auzotarren eta merkatarien alkarteek eta Beti Jai alai taldeak eskatu eutsen Bilboko Udaleko Kultura Sailari eskultura bat ipinteko Jon Pertikaren omenez, euskal tradizinoak ikertzeko eta berreskuratzeko harek egindako lana autortzeko.

Proposamena Aurrekontu Parte hartzailearen bidez jaso zan, Bilboko herritarrek udal aurrekontuaren zati bat zelan erabili proponiduteko tresnea baita.

Amaia Gracia

Eskultureak izakera sinbolikoa dau, euskal jantzetan erabilten diran elementu bi oso bereizgarri erabili baititu: arkua eta makilea, Beti Jai Alai taldearen logotipoagaz baitagoz lotuta.

Urre-kolorez estalitako brontzez egina dago eta 200 x 175 cm-koa da.

Amaia Gracia Azqueta artista (Iruñea, 1985) Arte Ederretan lizentziaduna da eta Ikerketa eta Sormena Artean masterduna, Euskal Herriko Unibersidadean. Sari eta ezagutza ugari jaso izan ditu bere sormen-ibilbidean eta, horreen artean, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbao Arte Fundazinoak edo Madrilgo Casa de Velázquez-ek emondako bekak nabarmentzen dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu