Antxinako hainbat itsasontzi helduko dira Portugaletera

Bizkaie! 2022-06-14 13:05   Kulturea

Elkano Itsas Herria erakusketea eta Itsas Azokea be badagoz asteon.

'Nao Victoria'-ren erreplikea Portugaletera heldu da dagoeneko (argazkia: Portugaleteko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Itsasontzien kontzentrazinoa egingo dabe egunotan Portugaleteko uretan, Udalak antolatuta, uribilduaren sorrerearen 700. urteurrenagaz lotutako egitarauaren barruan. Antxinako ontzien erreplika ugari ikusi ahal izango dira, eta, kasu batzuetan, baita barrutik bisitau be. Esate baterako, euskal kostaldetik Elkano Itsas Herria zeharkaldia egiten dabilen Juanita Larando patatxea gaur, martitzena, helduko da.

XVIII. mendean, euskal marinelek sarri erabilten zituen patatxe erako ontziak, bizkorrak, arinak eta moldagarriak ziralako, Elkano Fundazinoak azaldu dauenez. Hareetako baten erreplikea da Juanita Larando, Albaola Itsas Faktorian egina. Barrutik bisitau ahal izango da Portugaleten dagoan bitartean, hau da, hilaren 18ra arte. Ganera, Elkano Itsas Herria erakusketea ipini dabe moilan, itsas kultureak euskal kostaldeko herrietan izan dauen eraginaren ingurukoa.

Juanita Larando lez, Nao Victoria be Portugaleteko kontzentrazinoan izango da, eta dagoeneko Itsasadarreko uretan dago. Juan Sebastian Elkanok munduari birea emoteko erabilitako ontziaren erreplika ikusgarria da. Domekara arte, beste itsasontzi honeen erreplikak be egongo dira Portugaleten: Andalucía (XVII. mendeko galeoia), Lucretia (Herbehereetako belaontzia), Tanit (belaontzi klasikoa) eta Shtandart (XVIII. mendeko fragatea).

Bagilaren 16an, eguenean, Donostiako Itsas Museoko zuzendari Xabier Allendek berbaldia emongo dau, gaztelaniaz, Rialia museoan (19:00). Portugaletek eta bertako herritarrek itsasoko historian izan daben protagonismoa jorratuko dau.

Bestetik, itsasoagaz lotutako jardueren artean, planetariora bisita gidatuak egongo dira, hilaren 15ean eta 16an. Azalpenak euskeraz izango dira 16an, baina aurretik izena emon behar dabe parte hartu nahi dabenek. Azkenik, Itsas Azokea egingo dabe Portugaleteko La Canilla pasealekuan, astegoienean, barikutik domekara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu