Amaya Suberviolaren pinturak dakarz BilbaoArtek
2022-06-14 10:18 KultureaGaragarrilaren 8ra arte ikusi ahal izango da Detrás hay nada.
Nafarroako Mendabian jaio eta Bilbon bizi dan Amaya Suberviola artistearen hainbat koadro ikusi leitekez asteotan BilbaoArteko Urazurrutia aretoan, Detrás hay nada erakusketan. Pinturearen berezko lengoaiaren inguruko ardurea oinarri, gailu digitaletan irudiak ikusteko dogun moduaren antzekoa da Suberviolaren obrea. Garagarrilaren 8ra arte egongo da erakusketea, eta doban sartu leiteke.
Gainjartea da Suberviolak erabilten dauen teknikea, behin eta barriro agertzen dan motiboa da bere obretan. Kontzeptu horregaz olgau, eta zer erakutsi eta zer izkutau erabagiten dau, hortik Detrás hay nada, nahita egindako huts gramatikala dauen izenburua. Ezebeza zeozer izan leitekela adierazoten dau esaldiak.
Zati bitan banatuta dagoz erakusketako koadroak, teknikearen eta euskarriaren aldetik. Lehenengoan, liho gaineko orioak ikusi geinkez; bigarrenean, akuarelaz, gouachez edo orioz egindako mihiztadurak dagoz, laserrez ebagitako papelaren ganean.
BilbaoArteren beka bati esker, zentro horretan egonaldia egin eban Amaya Suberviolak. Hain zuzen be, bertan pentsau eta sortu zituan erakusketako koadro gehienak. Beste batzuk egonaldiaren ostean egindakoak dira.
Erakusketeagaz batera, katalogoa be plazaratu dabe BilbaoArtek eta Suberviolak. Artistearen obrearen ezaugarriak dira argitalpenaren ardatza, eta erakusketako koadroak artxibo lez aurkezten dira. Izan Sampedrok egin dau diseinua, eta Jorge Islarenak dira argazkiak. Testuak Pablo Merchantek, Luis Candaudapek eta Mikel del Riok idatzi ditue. Azken orrialdeetan, Amaya Suberviolak berak idatzi dau bere obrearen eta bizitzearen arteko lotureari buruz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!