Lehen Hezkuntzako 135 ikaslek euren artelanak erakutsiko ditue Guggenheimen
2022-06-14 09:02 Kulturea1998tik dago martxan Artea Ikasbide programea.
Beste urte batez, Lehen Hezkuntzako ikasleek euren sormena landu dabe artista ezagunen laguntzaz, BBK-k babestutako Artea Ikasbide programan. Gaztetxuek sortutako artelanak ikusgai ipini ditue Bilboko Guggenheim Museoko Hezkuntza Gunean, irailaren 18ra arte.
Euskal Herriko sei ikastetxetako 135 ikasle inguruk hartu dabe parte programearen aurtengo edizinoan. Txomin Aresti (Leioa), San Vicente de Paul (Barakaldo), Egape (Urnieta), Miguel de Cervantes (Araba), Samaniego (Gasteiz) eta Turtziozko Eskolea dira.
Sei eta hamabi urte bitarteko gaztetxuek irudimenez eta naturaltasunez interpretau ditue gaur-gaurko gai ugari, artearen bidez euren ikuspegia emonez: hizkuntzak eta komunikazinoa, Ukrainako gerrea, emakumeek historian daben lekua eta jasangarritasuna, besteak beste.
Horren emoitzea izan dira hainbat pieza artistiko. Esate baterako, errefuxiatuentzako babesleku paketsua izan nahi dauen instalazino handi bat, buztinezko harriak etorkizuneko irudiakaz, munduko emakumeen inguruko bideoa eta ikastetxe bateko jangelan egindako interbentzino artistikoaren argazkiak ikusi geinkez erakusketan, beste askoren artean.
Ikasleei laguntzen ibili diran sei artistak honeek izan dira: Elssie Ansareo, Ibon Garagarza, Zaloa Ipiña, Nerea Lekuona, Maider Lopez eta Ibon Saenz de Olazagoitia. Gaztetxuen motibazinoa eta sormenerako gogoa ez eze, irakasleek emondako laguntzinoa azpimarratu dabe artistek.
Ikasgeletan egindako lanaren osogarri, Leioako Txomin Arestikoek alkartrukea egin eben New Yorkeko 28. Ikastetxe Publikoko ikasleakaz, Zaloa Ipiña eta Sharela Bonfield artisten gidaritzapean. Posta elektronikoz emon eutsen alkarri euren proiektu artistikoen barri, kultura eta hizkuntzen arteko komunikazinoa helburu.
Izan be, Artea Ikasbide programea New Yorkeko Guggenheim Museoak sortu eban, 1970eko hamarkadan. Bilbokoan 1998an egin eben lehenengo aldiz eta, orain arteko 25 ediizinoetan, Lehen Hezkuntzako 3.500 ikasle inguruk hartu dabe parte. Horretarako, 172 ikastetxeren eta 263 irakasleren lankidetzea izan dau Guggenheimek urteotan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!